Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2021

Soinu artxiboak: Egitasmo eta esperientziak

2021eko ekainak 4, ostirala
Subijana etxea, Amasa-Villabona (Gipuzkoa)

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak 2021_kartelaXenpelar Dokumentazio Jardunaldietako edizio honetan askotariko ezaugarriak dituzten soinu artxiboen egitasmo eta esperientzia konkretuak partekatzeko espazioa sortu nahi da. Soinuzko dokumentazioaren ezaugarrietan begirada jarri eta audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratu nahi dira.

Soinu bildumek helburu eta funtzio desberdinak dituzte baliatzen diren esparruaren arabera, izan informaziorako hedabide, ikerketarako erakunde edo musika sorkuntzaren atari. Bestalde, soinu artxiboen azterketa egiterakoan, ezinbestekoa da sortzaile, ikertzaile edo zaleen beharrak aintzat hartzea, baita erabiltzaileengana iristeko bideetan sakontzea eta teknologia berriak garatzea ere.

Zazpigarren edizioa dute jardunaldiek.

[DESKARGATU azalpena eta egitaraua]

 

 

Parte hartuko dute:

Egitaraua

10:00

Euskadi Irratiko fonoteka
Iñigo Ceberio, EITB Musika ataleko koordinatzailea
Irati Etxezabal, Euskadi Irratiko fonotekako arduraduna

Euskadi Irratiaren jardunak askotariko soinu dokumentazioa sortzen du. Soinu artxiboaren digitalizazio eta antolaketa egokiak hedabidearen eguneroko beharrei erantzun azkarra ematea ahalbidetzen du.
https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/

10:40

Euskaltzaindia: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
Adolfo Arejita, EHHA egitasmoaren zuzendaria
Amaia Jauregizar, Euskaltzaindiko teknikaria EHHA egitasmoan

Euskaltzaindiko Dialektologia Batzordeak 2005etik aurrera gauzatutako egitasmoa da Euskararen Herri Hizkeren Atlasa. Egitasmo honen bidez bildutako dokumentazio guztia herritarrek erraz ezagutu eta eskuragarri izateko ahalegina egin du Euskaltzaindiak. Egun, euskara ikertzea eta bere erabilera sustatzea helburu duen erakundearen webgunean entzungai dago soinu artxiboaren lagin zabala. 
https://www.euskaltzaindia.eus/ 

Atsedena
11:45

Badok: Euskal Musikaren ataria
Jon Eskisabel, Badok egitasmoaren arduraduna

Berria komunikazio taldeak 2009. urtean sorturiko egitasmoa da Badok euskal musikaren ataria. Euskarazko kantagintzaren datu-base oparoa osatu du orduz geroztik, eta atarian bertan musika entzuteko aukera izateari lehentasuna eman dio. Hortaz, 1.100 taldek, 3.800 diskok eta 33.000 abestik osatzen dute katalogoa.
https://www.badok.eus/

12:25

Soinu artxiboak sortzailearen begiradatik
Xabier Erkizia, sortzailea

Soinu-artista, ekoizle eta kazetaria da. Bere lana pertsona, soinu eta euskarri ezberdinen arteko ikerketan oinarritzen da, egoera eta saiakera ugarietan, berdin soinu instalazioak, grabaketak, musika konposizio, irratirako sorkuntza, talde egitasmoak edo talde inprobisazioak… Soinumapa eta Entzuten egitasmoen bultzatzaile, Audiolab elkarteko kide ere bada.

13:05

Soinu artxiboetarako sarbidea ikertzailearentzat
Marie Bidart-Hirigoyen, ikertzailea

Musikologoa eta musikaria. Euskal kantu monodikoa (1897-1990): musika iturri eta iturri idatzien musikologia analisi konparatuaz egin zuen tesia eta euskal kantagintza ikertzen darrai egun ere. Baionako Unibertsitateko Iker taldeko kide da.

Antolatzaileak

2021eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia eta Bertsozale Elkartea gara. Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) eta Badok Euskal Musikaren Atariak lagundu dute jardunaldien berri zabaltzen.

2021eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak_antolatzaileak eta laguntzaileak