Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018

Euskal kantagintzaren ondarea Interneten

2018ko apirilak 27, ostirala.
Subijana etxea, Amasa-Vilabona (Gipuzkoa)

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien bosgarren edizio honetan tradiziozko kantagintzaren ondareak Interneten izan dezakeen lekuaz gogoetatu da.

Kantatzen duen herria da Euskal Herria, eta bere ondarea zabala eta aberatsa da. Egun, kantu ondarearen inguruan bi datu-base daude Interneten: Badok, egungo kantagintzari buruzkoa, eta Euskal Kantutegia, tradiziozko kantu-liburuen bilduma. Gogoeta saio honekin Euskal Herri osoko hainbat erakundek bildutako tradiziozko kantu ondarea Interneten batera izatea nolakoa litzatekeen irudikatu nahi izan da, irudi orokor bat osatu asmoz. Eta galdera baten inguruan antolatu dira jardunaldiak: irudika dezakegu denentzat baliagarria izateko moduko kantutegi bateratu bat? Nolakoa litzateke?

Jardunaldion baitan, goiz berean bi saio izan dira: lehenengo zatian, ondoren egin den gogoeta laguntzeko helburuarekin, gaiaren inguruko ertz ezberdinak ekarri dira sei hitzaldi laburren bidez; eta bigarren zatian, kantu ondarearen inguruko eragileen artean lan-saioa egin da, gaiaren inguruan denen arteko iritziak bildu eta irudi orokor bat osatzeko.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko heburuarekin sortu ziren eta aurtengoa bosgarren edizioa da. 2018ko jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Labayru Fundazioa eta Eusko Ikaskuntza dira. Badok, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE) laguntzaile dira.

2018 XDZ jardunaldiak_antolatzaileak  2018 XDZ jardunaldiak_laguntzaileak