Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira (2018)

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean sortutako ekimena da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin. Munduko beste kultura eta hizkuntzetako kantu inprobisatuen inguruko ezagutzari jarraipena eman asmoz, urriaren 9tik 14ra Kubako, Argentinako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak arituko dira kantuan.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira: izenak berak ongi adierazten duen moduan, bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatuko ditu proiektuak. Urriaren 9tik 14ra gauzatuko den bira izango da egunero emanaldi bat eskainiz: Iruñea, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostia izango ditu jomuga.

Kubako Tomasita Quiala repentistak eta Araceli Argüello payadore argentinarrak hartuko dute parte, Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariekin batera, eta Iker Iriartek eta Maite Berriozabalek gidatuko dituzte saioak.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira_kartela

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuek garatu dugu egitasmoa, tokian tokiko antolatzaileekin batera: Iruñeko, Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko udalak, Euskal Kultur Erakundea, Haizebegi Festibala, Donostia Festak eta Donostia Kultura Erakundea. Era berean, Donostia 2016k proiektua babestu du, Kultur Hiriburutzaren urtean gauzatutako nazioarteko topaketaren antzerakoei jarraipena emateko, eta  baita Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Mintzolak bertsolaritza mundura zabaltzeko eta beste nazioarteko kantu inprobisatuak ezagutarazteko lanean dihardu eta Lankuk proposamen berriak taularatzeko apustuak eginez; eta, sinergia horiek batuta gauzatuko da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira. Gertuen dagoen aurrekaria 2016ko Europa bat-batean egitasmoa izan da, baina lehendik ere gauzatu dira beste nazioarteko topaketa batzuk Bertsozale Elkartearen eskutik. Ikus atari honetan bertan.

Informazio gehiago