mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Sekulako amaiera

Europa bat-batean egitasmoaren udaberriko saioak gaur bukatu dira, Aramaioko emanaldiarekin. Amaiera hunkigarria, ederra izan den bira biribiltzeko.

“Oraindik ere mundu gehiago ezagutzeko gogoa” horixe utzi dute Europa bat-batean egitasmoaren udaberriko saioek. Hala amaitu du Beñat Gaztelumendik Aramaioko emanaldia. Xabi Igoa aritu da añorgatarrarekin bertsotan; Sardiniatik Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriek eta Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileek hartu dute parte eta Kurdistango ordezkaria Zinar Ala izan da. Iker Iriartek gidatu du saioa eta itzulpen lanetan aritu dira Miren Ibarluzea, Irati Majuelo eta Renato Capocchia. Mintzolaren eta DSS2016EUren egitasmoaren baitan, Arabako Foru Aldundiak antolatu du saioa.

Azkena izanda, bereziki hunkigarria izan da gaurko saioa. Txalapartaren doinuak zabaldu du emanaldia eta sorpresaren bat edo beste ere izan da tartean: Zinar Ala sardiniarren launeddas musika tresnaren konpainian aritu da kantuan, Paola Dentonik eta Michele Deianak doinu berri bat aurkeztu digute oholtza gainean eta Simone Monnik bertsoa bota du euskaraz. Amaitzeko, koplatan abestera animatu dira itzultzaileak zein Stefano Cara ahots laguntzailea inprobisatzaileekin batera.

Uztailean, hurrengo geltokia

Europa bat-bateanek bete ditu bi etapa; azkena, uztailean izango da Donostian, uztailaren 11tik 16ra: Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa izango da orduan. Goizean jardunaldi akademikoak eskainiko dira Miramar Jauregian UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan eta arratsaldez emanaldiak izango dira hiriburuko hainbat tokitan. Mundu guztiko inprobisatzaile eta ikertzaileek hartuko dute parte. Azken egunean, uztailaren 16an, Kursaalen jai handia izango da. Akademiako jardunaldietan izena emateko aukera jada zabalik dago www.uik.eus atarian.