mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Oñatin ere izango da Europa bat-batean

Uztailak 11-16 bitartean izango den topaketak Donostia izango du epizentroa; uztailak 15ean, ordea, hiriburutik Oñatira mugituko da.

Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketak izaera ibiltaria izan zuen apirilean; uztailaren 11tik 16ra bitartean Donostian kokatuko da, baina ekimena lurraldera zabaltzeko asmoz ihesaldia egingo du Oñatira uztailaren 15ean, arratsaldez. Txangoa antolatzeko Oñatiko Udalaren eta Oñatiko Bertso Eskolaren laguntza izan dute ekimenaren antolatzaileek.

19:00etan hasita, herrian zehar izango da emanaldia, poteo formatuan; Boga, Bizipoz eta Ona tabernetan egingo dute geldialdia inprobisatzaileek eta egun horietan ospatzen den garagardo azokan amaituko dute ibilbidea. Ondoren, Pago-uso elkartean afalduko dute. Austria, Euskal Herria, Gales, Katalan Herriak, Kuba, Mexiko eta Zipre ordezkatzen dituzten inprobisatzaileak ariko dira.

Hurrengo egunean, jaialdi nagusia Kursaalen

2003ko Ahozko Inprobisazioa Munduan Bilboko Euskaldunan egin zen jaialdi handi batekin biribildu zen. Aurtengoan ere jaialdia egingo da Topaketari behar bezalako agurra egiteko; Kursaalen izango da, 19:00etan eta han parte hartuko dute aste guztian zehar emanaldi ezberdinetan aritu diren inprobisatzaileak. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Uztailaren 6an amaituko da jardunaldi akademikoetan izena emateko epea

Kantu inprobisatuak entzun bakarrik ez, eta horien inguruan gehiago ezagutzeko aukera izango da goizetan Miramar Jauregian gauzatuko diren jardunaldi akademikoetan. Kantu inprobisatuetatik harago, transmisiorako gakoak, genero ikuspegiaren inguruko hausnarketak eta hizkuntza gutxituaren ingurukoak bilduko dituzte goizeko saioek; horiek guztiak mundu osoko eta gaian adituak diren ikertzaileekin. Uztailaren 6ra arte dago izena emateko epea zabalik www.uik.eus webgunean.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak antolatu dute Europa bat-batean; uztailean egingo diren jardunaldi akademikoetan, UPV/EHUko Uda Ikastaroekin aritu dira elkarlanean.