mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kulturartea Mapa aurkeztuko da laugarren egunean

Europa bat-bateanen baitako jardunaldi akademikoetan, uztailaren 14an, munduko kantu inprobisatuaren datu-basea ezagutaraziko da. Aurretik, Center for Studies in Oral Tradition eta John M. Foley zenak egindako ekarpenek ere izango dute tartea.

Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatutako Kulturartea Mapa, munduko kantu inprobisatuaren datu-basea, aurkeztuko da uztailaren 14an. Horretarako, Europa bat-batean egitasmoak eskaintzen duen plaza abagune ederra dela iritzita, Miramar Jauregian gauzatuko diren jardunaldi akademikoetan gauzatuko da aurkezpena. Mundu osoko adituak, ordezkariak zein aste osoan zehar parte hartuko duten inprobisatzaileak izango dira Kulturartea Maparen aurkezpenean.

Aurretik, bertsolaritza munduan kokatzeko emandako laguntzagatik, Center for Studies in Oral Tradition eta John M.Foley ikertzailea zena ere aintzat izango ditugu eta beren ekarpenek ere tartea izango dute egun horretako hitzaldi sortan.

Egunari Bertsolaritza, gizateriaren ondare ez materiala izeneko hitzaldiak ekingo dio. Bertan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea da, Mintzola Ahozko Lantegiko Andoni Egaña patronatukideak eta Unesco Etxeko Begoña Guzman Garapenerako Kultur teknikariak. Kultura-ondarearen alorrean politika berriak abian jartzeari begira zedarri garrantzitsua izan zen 2003ko Kultura Ondare Immateriala Babesteko Hitzarmena; hala, ukiezina den ondarea babesteko eta zaintzeko neurriak hartzeko urratsa izan zen hura. Hori etxera ekarriz, bertsolaritza ondare ez material izendatzeko aukeren inguruan hausnartuko da.

Ondoren, Ruth Finnegan eta Anthony Judge adituen txanda izango da. Finnegan Gizarte Zientzietako emeritus irakaslea da The Open Universityn (Erresuma Batua) eta ahozko literatura genero bezala errekonozitua eta interpretatua izateko bultzada handia emandakoa da bera. Olerkiaren ezaugarrietatik abiatu eta bere ahozko alderdian jarriko du arreta, horretarako batez ere Afrikako eta Ingalaterrako literaturan aurkitu daitezkeen adibideak baliatuz.

Judge nazioarteko erakundeei, munduko arazoei eta estrategia globalei buruzko informazioen kudeaketaz arduratzen den Union of International Associations (UIA) erakundean egindako lanagatik da batez ere ezaguna. Egun, bere kabuz ari da ikertzen, giza garapena, gobernantza, estrategia-politikagintza, elkarrizketarako baliabideak, eta beste gai askoren inguruan; inprobisatzaileen lehiaren teknikak politikagintzarako duen baliagarritasuna ere aztertu du, besteak beste. Improvisation in multivocal poetic discourse izeneko hitzaldian, inprobisatzaileak egiten duen hautuez ariko da, hizkuntza ereduei, metafora bidezko ereduen komunikazioari eta horien inplikazio paradoxikoei dagokionez.

Bestalde, gogoan izan Oholtza Beñat Krolemen erakusketa ikusgai izango dela aste osoan zehar Miramar Jauregian. Krolemek Laboa Katedrarekin batera Mintzolak esleitutako proiektu saria eskuratu zuen eta haren fruitua da Lankuren bitartez zabaltzen ari den Oholtza.

Jardunaldiak uztailaren 11tik 15era izango dira Miramar Jauregian, 09:00etatik 13:30era, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Matrikulatzeko epea zabalik dago uztailaren 6ra bitarte, www.uik.eus atarian sartuta: bost egunetarako zein egun baterako eman daiteke izena.

Matrikularako lotura