mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kantu inprobisatuak, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko tresna

Ostiralean hizkuntza gutxituak izango dira ardatz Europa bat-bateanen baitan izango diren jardunaldi akademikoen baitan: kantu inprobisatuak emandako onuren lekuko izango dira Miramarren galegoa, galesa, euskara eta katalana.

Marta Souto galiziarrak zabalduko du ostiraleko hitzaldi sorta Miramar Jauregian. Galegoaren erabilera handitzeko administrazio publikoak duen zereginean jarriko du arreta Soutok; horretarako, Vigoko esperientzia mahaigaineratuko du. Hiriburuko biztanleen %15ak baino ez du galegoa erabiltzen eta, hortik abiatuta, ahozkotasunak oro har eta kantu inprobisazioak zehazki hizkuntzaren berreskurapenean izan ditzakeen ondorio baikorrez ariko da. Zentzu honetan, 2013an Centro de Interpretación da Oralidade de Vigo delakoa sortu zen ahozkotasuna landu eta aldi berean hizkuntza indartzeko.

Eurig Salisburyren txanda izango da gero. Poeta eta Aberystwyth Unibertsitateko irakaslea da bera ikasketa galestar eta zeltikoen sailean, eta bere herrialdeko kantu inprobisatuaren eta hizkuntzaren arteko lotura egingo du. Salisbury, gainera, aste osoan zehar ikusi ahal izango dugu arratsaldeko emanaldietan.

Atsedenaldiaren ondotik, Miren Artetxe eta Albert Casals ariko dira. Artetxeren ikerketa ahozko inprobisazioan, soziolinguistikan eta hizkuntzaren antropologian kokatzen da eta, hain zuzen, bertsolaritzak norbanakoaren identitatean eta hizkuntza portaeran izan dezakeen eraginaz ariko da. Kantuan aritzean sentipenak, pentsamendua eta ahotsa biltzen dituen ahalduntze prozesua egiten da  eta horiek eragina dute hizkuntzaren erabileran. Erabilera eta hizkuntzarekiko atxikimendua handitzeko bertsolaritzak duen gaitasun hori aztertzeko, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletan dabiltzan gazteen diskurtsoak baliatuko ditu Artetxek.

Casalsek azken 20 urteetan glosak egin duen jauzi kualitatiboaz hitz egingo du: desagertzear zegoen fenomeno izatetik, hizkuntzari eusteko ondare bizienetako bat izatera pasa baita Herrialde Katalanetako glosa. Casals bera bultzatzaile duen Corrandescola proiektuaren bitartez glosak hezkuntza arautuan izan duen sarbidea ere azalduko du.

Egunarekin amaitzeko, gaiaren inguruko gogoeta egingo dute elkarrekin mahai-inguruan Marta Soutok, Eurig Salisburyk, Miren Artetxek eta Albert Casalsek Pablo Suberbiolak gidatuta.

Bestalde, gogoan izan Oholtza Beñat Krolemen erakusketa ikusgai izango dela aste osoan zehar Miramar Jauregian. Krolemek Laboa Katedrarekin batera Mintzolak esleitutako proiektu saria eskuratu zuen eta haren fruitua da Lankuren bitartez zabaltzen ari den Oholtza.

Aste osoko jardunaren ondotik, uztailaren 15ean amaituko dira Europa bat-bateaneko jardunaldi akademikoak; eta, gaur amaituko da jardunaldi akademiko hauetan izena emateko epea. Sartu www.uik.eus atarian eta eman izena bost egunetarako edo egun baterako.

Matrikularako lotura