mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jatorriz emakumeek egiten duten Kareliako kantu inprobisatua, asteazkenean

Hip hopean, bertsolaritzan eta bestelako adierazpideetan genero ikuspegiak duen trataeraren inguruan hausnartuko dugu Europa bat-bateanen baitan egingo diren jardunaldi akademikoetan. Gainera, emakume inprobisatzaile ezberdinen bizipenak entzun ahal izango ditugu.

Kantu inprobisatu ezberdinen deskribapenak astelehenean, kantu inprobisatuaren transmisioa asteartean, eta asteazkenean kantu inprobisatua eta generoa aztertuko dira Europa bat-bateanen baitan egingo diren jardunaldi akademikoen baitan, Miramar Jauregian.

Elizabeth Tolbertek Finlandiaren baitan dagoen kareliar lurretako kantu inprobisatua ezagutaraziko digu. Itkuvirsi izeneko kantua minari eta doluari loturikoa da, jatorriz emakumeek soilik kantatutakoa; erritu ez-kristauetan erabiltzen zen kantua eta egun, Finlandiak Karelia bereganatu zueneko atsekabea islatzeko erabiltzen da; lehengo eta egungo gizartearen arteko trantsizioa bideratzeko kantu gisa. Baltimoreko John Hopkins unibertsitateko Peabody Institute kontserbatoriotik etorriko da etnomusikologiako irakaslea.

Aurrez, Jone Miren Hernandezek zabalduko du asteazkeneko hitzaldi sorta. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak bertsolaritza eta generoa izango ditu hizpide Bertsoa bizitoki. Hitzaren arkitekturak eta generoaren hertsadurak izeneko hitzaldian. Lehen atsedenaren ondotik, Treva Lindseyk hartuko du hitza. Lindsey emakume, genero eta sexualitate ikasketetako irakaslea da Ohio State unibertsitatean eta bere ikerketa teoria feminista beltza, emakumeen historia eta herri kultura ikerketen inguruan jorratu du. Hip hopean emakumeek duten rolaren inguruan egindako hausnarketaz ariko zaigu; hala, 2014an Washingtonen jazotako eta zedarri izan zen une gogoangarri batetik abiatuko da eta hip hopeko mugimendu feministak zein erronkari aurre egiten dion azalduko du, hip hopean emakumeek izan dezaketen gutxiesteak komunitatean zein eragin izan dezakeen aintzat hartuz. Ondoren, Kate Smurthwaite stand-up comedian eta ekintzailearen txanda izango da. Britainiarrak feminismoa, ateismoa eta ezkerreko politikagintza ditu ardatz bere jardunean eta sarritan Erresuma Batuko telebista kate garrantzitsuenetako parte hartu izan du eztabaidetan; oraingoan, gurean izango dugu. Komedia performancean eta umore sexistari buruzkoak sakondu ditu eta horiek plazaratuko dizkigu Miramarren.

Mundu osoko emakume inprobisatzaileen lekukotasunak

Egunari amaiera emateko mahai-ingurua egingo da nazioarteko emakume inprobisatzaileekin. Ainhoa Agirreazaldegik gidatuko du saioa eta Karen Owen (Gales), Lourdes Yunet López (Kuba), Rebeca Limón (Mexiko), María Isabel Servera (Herrialde Katalanak), Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza (Euskal Herria) inprobisatzaileek oholtzaren inguruan izandako bizipenak azalduko dituzte.

Bestalde, gogoan izan Oholtza Beñat Krolemen erakusketa ikusgai izango dela aste osoan zehar Miramar Jauregian. Krolemek Laboa Katedrarekin batera Mintzolak esleitutako proiektu saria eskuratu zuen eta haren fruitua da Lankuren bitartez zabaltzen ari den Oholtza.

Jardunaldiak uztailaren 11tik 15era izango dira Miramar Jauregian, 09:00etatik 13:30era, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Matrikulatzeko epea zabalik dago uztailaren 6ra bitarte, www.uik.eus atarian sartuta: bost egunetarako zein egun baterako eman daiteke izena.

Matrikularako lotura