mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Inprobisazioa, emakumeen talaiatik

Kantu inprobisatutik harago, kultur mugimenduetako eta komediako genero ikuspegia ere landu du gaurko saioak.

Hirugarren eguna izan du gaur Europa bat-bateanek Miramarren. Genero ikuspegia izan du hizpide eta emakumeen ahotsak izan dira protagonista gaurko jardunaldi akademikoan: Jone Miren Hernandez, Elizabeth Tolbert, Treva Lindsey eta Kate Smurthwaite izan dira hizlari. Nerea Elustondo eta Antton Fernandez aritu dira aurkezle lanetan.

Jone Miren Hernandez UPV/EHUko ikertzailea izan da lehena; bertsolaritzari loturiko dimentsio emozionala du ikergune Hernandezek eta gaurkoan generoaren ikuspegiarekin lotu du. Bertsoa bertsolari eta publikoaren arteko dikotomiak apurtzeko gai izan arren, emakume/gizon dikotomia ezabatzeko gai zergatik ez den aztertu du Hernandezek; besteak beste, eta Foleyk publikoaren gainean egindako lana erreferentziatzat hartuz, publiko eta jasotzaile aktiboak "emakumeen kontra jokatzen" duela aipatuz.

Elizabeth Tolbertek emakumeek soilik abestutako kantu inprobisatua aurkeztu du: Karelian, Errusia eta Finlandia artean kokatzen den eremuan, egiten den negar-kantua da itkuvirsi delakoa. Negar-kantua sortzeko erabiltzen diren ahozko teknikak eta hura jorratzeko darabilten iruditegia azaldu du (Tuonela hildakoen lurraldea eta hara joateko bidea) eta kantuaren laginak erakutsi ditu.

Treva Lindsey estatubatuarrak Hip Hop mugimenduan murgildu gaitu: hasi fenomeno honen baitan dauden arte bisual eta dantzetatik, eta gerora beatboxingean eta rapean sakonduz. Hip Hoparen baitako arte inprobisatuek audientziarekin nola konektatzen duen azaldu du, izaera kolektiboa indartuz.

Kate Smurthwaite Erresuma Batuko stand-up comedian eta aktibistak emakume komedianteen egoeraz zein, sexismoari lotuta, besteen ahotan emakumeari komedian egozten zaion irudiaz aritu da.

Gaur arratsaldean, emanaldia Tabakaleran

Arratsaldean, emanaldia izango da Tabakaleran eta eguneko gaia den genero ikuspegiari helduz emakumeek hartuko dute oholtza. 19:00etan izango da saioa eta sarrerak leihatilan izango dira eskuragai 15 euroren truke.

Hain zuzen bertan parte hartuko duten inprobisatzaileen mahai-ingurua gauzatu da, herrialde ezberdinetako lekukotasunak bilduz; Ainhoa Agirreazaldegik gidatuta, Galeseko Karen Owen, Mallorcako María Isabel Servera, Mexikoko Rebeca Limón Tesy, Kubako Lourdes Yunet López eta Euskal Herriko Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza aritu dira. Horietan emakumeek duten parte-hartzea azaldu eta zenbaitetan testuinguari loturik dituzten zailtasunak aipatu dituzte. "Glosak jatorri maskulinoa du, gizonezkoen inguruan garatu da tradizionalki: tabernan, gauez, eta han ez zen emakumerik egoten. Mallorcakoaren aldean, Katalunian berpizte-lana egin eta transmisioa hutsetik hasi da; honenbestez neska eta mutilen artean oreka handiagoa dago", azaldu du Serverak. Kuban ere repentismo tailerretan izaten den emakumezko gazteen kopurua nabarmendu du Lópezek baina adinean aurrera egin ahala uzten joateko joera izaten dela. Lujanbiok testuinguruan jarri du arreta: "berdin entzuten al da batena eta bestearena? Konfidantza bera duen batak eta besteak, nondik datorren heziketa guzti hori…kontestutik aparte ezin da ulertu, emakumearen zailtasunak ez baitira gaitasunei loturikoak, testuinguruari loturikoak baizik".

Bihar munduan zehar kantu inprobisatuak duen presentziaz ariko dira hizlariak.