mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Europa bat-bateanek azkenaurreko geltokia izan du Uztaritze

20:00etan hasi da emanaldia, Lapurdi Gelan. Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean antolatu da saio hau.

Uztaritzeko Lapurdi gela kantuz bete da Europa bat-bateanek ekarritako bertsolari, cantadori eta dengbêjarekin. Miren Artetxe eta Maddi Sarasua aritu dira kantuan, Sardiniako Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriekin eta Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileekin, eta Kurdistango Zinar Ala dengbêjarekin. Itzultzaile lanak egin dituzte Maddalen Arzallusek, Karlos Aizpuruak eta Renato Capocchiak, eta saioa gidatzeaz arduratu da Iker Iriarte.

Euskal Herrian ohiko ditugun trikitiarekin eta panderoarekin jada konfidantza hartuta, Deianak trikitiarekin lagundu dio gaurkoan Paola Dentoniri, orain arteko launeddasa ordezkatuz. Amaitzeko, koplatan amaitu dute saioa, Egun da Santimamiña doinuarekin.

Euskal Kultur Erakundearen eskutik antolatutako saioa izan da.

Azken saioa, Aramaion

Araba bisitatuko du bihar Europa bat-bateanek. Aramaion izango da Arabako Foru Aldundiak antolatutako hitzordua 19:00etan, kultur etxean. Zazpigarren eta azken saioa izango du egitasmoak; sarrerak 5 eurotan salgai izango dira han bertan ikuskizuna hasi aurretik. Beñat Gaztelumendi eta Xabi Igoa izango dira bertsotan.