mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bihar abiatuko dira kantu inprobisatuari buruzko jardunaldiak Bartzelonan

Kanariar Uharteetako verseadoreek, Herrialde katalanetako glosadoreek eta Euskal Herriko bertsolariek hartuko dute parte.

Badalonan eta Bartzelonan eskainiko dituzte saioak asteburu honetan verseadoreek, glosadoreek eta bertsolariek, Europa bat-batean egitasmoaren baitan antolatu diren jardunaldien haritik.

Bihar Badalonako Teatre Blas Infanten izango da emanaldia, 22:00etan hasita. Larunbatean, 12:00tan, mahai-ingurua egingo da; emanaldi bat ere eskainiko dute segidan, Graciako Centré Artesà Tradicionàriusen. Amaitzeko, larunbatean bertan, azken emanaldia eskainiko dute Sant Andreuko Ateneu L’Harmonian, 22:00etan. Beñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira bertsotan, eta gai-jartzaile lanetan ariko da Miren Artetxe. Itzultzaile lanetan, berriz, Marc Febrer.

Honenbestez irailaren 25ean eta 26an Leonen burutu ziren jardunaldiei lekukoa hartuko diete Bartzelonako jardunaldiek. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak elkarlanean osatutako Europa bat-batean egitasmoaren baitan kokatzen dira udazkeneko jardunaldiok; baita datorren urtean, udaberrian zein udan, Euskal Herrian izango diren saioak ere. Emanaldi horietarako bertaratuko diren ordezkarien artean, besteak beste, sardiniarrak, kurduak, galiziarrak, kanariarrak, katalanak, galestarrak, austriarrak eta poloniarrak izango dira.