mintzola.eus

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Atzerriko ahotsak euskarara ekartzearen ardura

Bertsolariekin batera Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileak izan ditugu oholtza gainean apirilean. Apustu zaila izan da hainbat hizkuntza darabilten sortzaileen lana oholtza gainera eramatea eta zeregin horretan itzultzaileen lana ezinbestekoa izan da. Haiek barnetik esperientzia nola bizi izan duten jakin nahi izan dugu.

Lau itzultzaile aritu dira sardiniarren, kurduen eta katalanen lana euskarara ekartzen Europa bat-bateaneko saioetan: Maddalen Arzallus, Miren Ibarluzea, Karlos Aizpurua eta Irati Majuelo. Haiekin batera Sardiniatik etorritako Renato Capocchia ere aritu da itzulpen lanetan.

Maddalen Arzallusek eta Miren Ibarluzeak laburbildu digute zer nolako lana egin duten eta nola bizi izan duten esperientzia berezi hau.

"Esperientzia ezin hobea izan da. Asko ikasi dut, bai oholtza gainean, bai oholtzatik kanpo ere. Itzultzaile gisa teknika berriak ikasi ditut, eta larritasun momentuetan erabaki azkarrak hartzen. Baina hori baino askoz gehiago izan da; azken finean, oholtzatik kanpo ere elkarrekin pasatu dugu aste osoa, eta kultura ezberdinen arteko elkarlana eta elkarbizitza izugarri ederra izan da", modu honetan laburbildu du Maddalen Arzallusek Europa bat-bateanen egin duen itzultzaile lana. Miren Ibarluzeak saiook erronka izan direla nabarmendu du, eta ikasteko aukera paregabea eman diotela gaineratu du: "aukera ematen didate, alde batetik, bertso-itzulpenean aritu izan diren beste batzuen gogoetak neure azalean bizi izateko. Bestetik, hizkuntzaren mugez eta itzulpengintzaz gogoeta egiteko, bai eta hizkuntzen kudeaketari buruz hausnartzeko ere. Eta azkenik, aukera eman didate jende jakintsua, interesgarria eta maitagarria ezagutzeko".

Esperientzia berria izan da bi itzultzaile hauentzat, baina gauzak ongi joan direla uste dute. "Ibili izan naiz, inoiz, atzerriko lagunei bertsoak itzultzen, edo atzerriko ikasleei bertsolaritzari buruzkoak kontatzen, edo ahozkotasunari buruzko egunbeteko mintegietan, mahai-inguruetan eta bertso-saio laburretan inprobisatzaile galego eta katalanekin. Baina, komunikazioa bermatzeko gako gisa ez naiz orain arte inoiz ibili bertso-interprete, eta, beraz, erantzukizun handiz bizi izan ditut saiook", esan du Ibarluzeak.

Arzallusek, berriz, gogoan du hasierako urduritasuna: "aurreneko aldia zen horrelako zerbait egiten genuela eta ez genekien nola aterako zen. Aurrez buelta asko eman genizkion gure buruari, nola antolatu eta nola aurre egin pentsatzeko. Azkenean, uste dut erabaki egoki samarrak hartu genituela. Lehendabiziko eguna izan zen zailena, baina hortik aurrera, lana baino plazerra izan dela esango nuke".

Saioetan oholtza gainean zeuden itzultzaileak eta horrek are "ikusgarriago" egin du haien lana: "esango nuke entzuleak ohartu direla gure lanaz. Saio bakoitzaren amaieran etortzen zitzaigun norbait lan handia egin genuela esanez", gogoan du Arzallusek.

Ibarluzeak ere eskertu du entzuleek haien lanarekiko agertu duten jakin-mina: "interesa agertu duen jendea egon da, eta aitortu behar dut eskertu ere egin dudala arreta. Aramaioko saioa bukatu eta bi entzule gerturatu zitzaizkidan: kuriositatea dugu, eta... nola egiten duzue itzulpena? Zein hizkuntzatatik zein hizkuntzara?...".

Uztaileko topaketan ere atzerriko ahotsak euskaraz jarraitu ahal izango ditugu itzultzaileen lanari esker.

Elkarrizketa BertsoZalearen 174.zenbakian irakurgai.