Ahostegunak
Ahots Baten sormen egonaldiak emandako pausoei jarraituta antolatu dugu Ahostegunak. Antzerkia, bertsolaritza, kantua eta literatura: ahozko kultur sorkuntzekin ondo pasatzeko aukera eskaini nahi du egitasmo honek ere, baina, kasu honetan, unibertsitatearen eremuan gauzatzen diren saioen bidez. Ez da unibertsitatean garatu dugun egitasmo bakarra: hortxe baitago, esate baterako, UNIbertsoan ere, bertsolaritza esparru akademikora eramateko helburuz egindakoa.

Aipatutako kultur diziplina horietan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko aukera ematea; zale diren gazte horien arteko harreman sareak eragitea; eta diziplinartekotasunaren esperimentazioari espazioa ematea dira ekimenaren helburuak.
UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren aldamenean egiten da, Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian, eta unibertsitateko ikasleek eskurago izan duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako 18 eta 22 urte bitarteko gazteek ere. Izenak ongi adierazten duen moduan, saioak ostegunez izaten dira, arratsaldez. Kultur sorkuntza bat lantzen da egun bakoitzean: literatura, antzerkia, bertsolaritza eta kantagintza, eta horietan diziplina horretan aritu edota aditu den lagun batek edo batzuek hartzen du(te) parte. Azken jardunaldian, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egiten da, eta han elkartzen dira aurrez egun bakoitzean egon diren gonbidatuak.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatu dugu ekimena, Euskaltzaindiaren laguntzarekin.
Bi urtetan egin dira orain arte: 2019 eta 2020.
Antolatzaileak: Laguntzaileak: