Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/06/11

Zer jarrera izan du Bertsozale Elkarteak administrazioaren aurrean? Zer dago bertsolarien garunean?

Bertsolaritzatik eta, oro har, ahozkotasunetik abiatuta, hainbat galderen inguruko hausnarketak plazaratuko ditu Bertsoa Unibertsitatean zikloak.

Hilabete eskas falta da Bertsoa Unibertsitatean zikloari hasiera emateko. Matrikula epea zabalik da uztailaren 6tik 10era bitarte izango diren ikastaroetarako. Bata, Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan uztailaren 6an eta 7an izango da eta bestea, Bertsolaritzaren Bidegurutzeak, 8tik 10era. Aparteko bi ikastaro dira eta beraz, batean zein bestean matrikula daiteke ala bietan. Apartekoak ez zentzu horretan bakarrik, primerako adituek osatzen baitute bi ikastaroetako egitaraua. 

Ahozkotasunean aditua den Inma Muñoa Barredok ekingo dio lehen ikastaroari, arreta  hezkuntza arautuan eta gazteetan jarriz. Begirada heziketan jarriko du Jaione Eskudero Etxabek ere bigarren egunean, baina kasu honetan kantagintzatik abiatuta, horixe izango baita bigarren egunaren oinarri. Lehen ikastaro hori biribiltzeko, kantu eta bertso erakustaldia eskainiko dute Ainhoa Ansa Zugarramurdi abeslariak, eta Igor Elortza Aranoa eta Uxue Alberdi Estibaritz bertsolariek. 

Bigarren Ikastaroak hainbat galderari erantzungo die: Zer jarrera izan du Bertsozale Elkarteak administrazio zein alderdi politikoen aurrean? Zer eta nola transmititu herri kultura? Zer dago bertsolarien garunean? Galdera horiek izango dira bertsolaritzaren erronkak hurbilaraziko dituzten laginetako batzuk, Jexux Murua Gorostidi, Jon Sarasua Maritxalar eta Kepa Paz Alonsoren eskutik. Bertsolaritzaren bidegurutze horiek azaltzeko lanetan arituko dira baita ere, Maialen Lujanbio Zugasti, Andoni Egaña Makazaga eta Estitxu Eizagirre Kerejeta

Egitarauaren eta prezioen inguruko informazio gehiago topatuko duzu hemen.

2014an egin zen lehen aldiz Bertsoa Unibertsitatean Mintzola Fundazioaren eta EHUko Uda Ikastaroen eskutik. Gai edozertarako bertso-saio esperimentalaz gozatu zuten orduan bertara hurbildutakoek.