Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/05/04

Zabaldu da Bertsoa Unibertsitatean eskolan izena emateko epea

Ikastaroetarako matrikula 60 eta 80 eurokoa da. Ekainaren 1etik aurrera, %20 gehiago.

EHUko Uda Ikastaroetan izena emateko epea zabalik da, eta honenbestez, Bertsoa Unibertsitatean eskola egin nahi dutenek ere matrikula egin dezakete.

Bi ikastarok osatzen dute aurtengo programa: batetik, Bertsolaritza eta Ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan izeneko ikastaroa eskainiko da uztailaren 6an eta 7an, eta  Bertsolaritzaren Bidegurutzeak izenekoa uztailaren 8tik 10era.

Lehenak ahozkotasunaren esparru zabalagoa hartu, eta bertsolaritza, ipuingintza eta kantagintza izango ditu hizpide. Horiek guztiak hezkuntza arautuan nola landu hausnartuko da. Bi goiz hartuko ditu egitarauak eta astearte arratsaldean performance bat ere izango du. Maiatzaren 31era bitarte, 60 euro balio ditu matrikulak eta ekainaren 1etik aurrera, 68 euro.

Bigarrenak bertsolaritzan jarriko du begirada. Ideologikoki, transmisioaren aldetik eta ikerkuntzari dagokionez, bertsolaritzak dituen erronken gainean egingo da gogoeta. Hiru goiz hartuko ditu ikastaroak, eta 80 euroko prezioa du; ekainaren 1tik aurrera, 92 euro.

Izena emateko inprimakia eta informazio gehiago www.mintzola.eus atarian topatuko duzue.

Irakasteko Ikasten eta Ikastaroak Guztiontzat programak

Beka arruntak eskatzeko epea apirilaren 24an amaitu bazen ere, bestelako programa batzuen bitartez diru-laguntza eskuratzeko aukera ere badago. 

Hezkuntza Berriztatzeko Sailak lehen eta bigarren mailako irakasleei bekak eskaintzen dizkie Irakasteko Ikasten programaren bitartez. Bekak zuzenean lortu ahal izango dira, Irakasteko Ikasten matrikula inprimakia betetzen bada. Inprimaki hauek, derrigorrez, ikastetxeko zigilua eta zuzendariaren sinadura izan beharko dute.

Donostia Kulturarekin batera prestatu da Ikastaroak Guztiontzat programa. Denetariko gaiak lantzen dituzten 38 ikastaro hautatu dituzte programarako eta horietarako diru-laguntza lor dezakete Donostia Kulturako txartela dutenek.

Mintzola Fundazioaren atariak ere, .eus domeinua

Mintzola Fundazioak .eus domeinua bereganatu du, eta hemendik aurrerakoan www.mintzola.eus helbidean aurkituko duzue Mintzolaren gaineko informazioa.