Zabaldu da Ahots Baten sormen egonaldian izena emateko epea
Urte osoan antzerkia, bertsolaritza, kantugintza edota literatura lantzen diharduten gazteek aurten ere izango dute Gabonetarako planik. Hirugarren urtez jarraian Ahots Baten sormen egonaldia antolatu dugu, gazte sortzaileei zuzenduta.
Aipatutako adierazpide horiek landuko dituzte egonaldiko egun bakoitzean eta horretarako, gainera, gaian aditu eta aritu direnen esperientzia eta gomendioak entzuteko aukera izango dute bertatik bertara. Iaz, esate baterako, ITU literatur bandakoak, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" antzezlea, Anari kantaria eta Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariak hurbildu ziren Zestoako Sastarrain baserri eskolara.
Abenduaren 26tik 30era izango da egonaldia, aurten ere Zestoan. 15-21 urteko gazteek eman ahal izango dute izena, webgune honetan bertan dagoen formularioa beteta edota Mintzolara deituta, 943 69 38 70 zenbakira. Azaroaren 20ra arte izango da horretarako aukera, beraz, mugi, gehienez ere 40 laguneko taldea osatuko baita. Taldea osatzeko kontutan hartuko dira izen emate ordena, eta alorren arteko oreka.
Mintzola Ahozko Lantegiak euskarazko ahozko beste adierazpideekin elkarlanean antolatutako bidean abiatutako egitasmoa da Ahots Baten. Hala, Mintzola Ahozko Lantegiarekin batera aritu dira antolaketan Ikastolen Elkartea, Bertsozale Elkartea, EHAZE, Euskal Kantuzaleen Elkartea eta ipuingintzako zenbait aditu eta aritu.