Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/07/12

"What is bertsolaritza?", irakaskuntzan baliagarri

Euskal irakurletzak prestatzeko ikastaroa biribiltzeko, hizpide izan da Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ekoitzitako ikus-entzunezkoa.

"Arrainak igeri nola egiten duen azaltzea zaila da, ez badago uretan". Euskal mugetatik harago bertsolaritza zehatz mehatz zer den azaltzea zaila izaten dela azaldu du Xabier Payak Bikaintasuna Euskal Ikasketetan. IX. euskara eta euskal kultura eremu digitalean ikastaroan. UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, Etxepare Euskal Institutuak bi egunetarako antolatutako eskola izan da: atzerriko unibertsitateetan dauden euskal irakurletzak prestatzeko urtero egiten den ikastaroa.

Bigarren eguna eta, honenbestez, ikastaro osoa biribiltzeko, What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoa eskaini eta haren inguruan aritu dira solasean Xabier Paya kultur kudeatzailea eta Miren Ibarluzea UPV/EHUko irakaslea, biak ere bertsolaritza ondo baino hobeto ezagutzen dutenak; Payak berak, gainera, parte hartu du ekoizpenaren sorkuntzan. Eremu akademikoan bertsolaritza zer den azaltzeko maiz izaten den erreferentzia edo bibliografia falta aipatu dituzte, bereziki euskara ez den beste hizkuntza batzuetan. Hutsune hori beteko du hein handi batean What is bertsolaritza? egitasmoak, eta eskoletan nola balia daitekeen azaldu dute.

Proiektuak 20 minutuko ikus-entzunezkoa du oinarri; bertsolaritzaren jatorri eta testuingurutik hasita, eta Bertsolari Txapelketa Nagusia aitzakia hartuta, kantu inprobisatuaren deskribapena egiten du. Modu erakargarri eta argian azaltzen da, gainera, bertsoaren sormen prozesua. Bestalde, gai unibertsalen inguruko bertso bilduma batek osatzen du proiektua. Ingelesez egina dago, eta azpitituluak ditu ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz.

Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak gauzatu dugu proiektua, Laboral Kutxaren babesarekin eta iaz aurkeztu genuen: Mintzolako atarian ikusgai dago ordutik, hementxe bertan.

Ikastaroaren amaieran Etxepare Euskal Institutuak eskerrak eman dizkio Mintzola Ahozko Lantegiari proiektu honetan bidelagun izateagatik. Lanean eta elkarlanean jarraituko dugu.