Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Urte emankorra, 2019!

Bertsolamintza, Ahostegunak, dokumentazioaren inguruko solasaldia Durangoko Azokan... ahozko lantegian ez da etenik izan.

Agurtzear zaigu 2019, eta ugariak izan dira Mintzolaren adar diren bertsolaritzaren ikertegian, ahozko kultur sorkuntzen elkargunean edota kulturartean garatu ditugun proiektuak; beste horrenbeste Xenpelar Dokumentazio Zentroaren baitan egindakoak.

Ahozko kultur sorkuntzen ikerketa sustatu nahi izan dugu. Horregatik, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, ikerketa kontratu bat eta bi proiektu sari esleitzeko deialdiak antolatu ditugu; aurtengoan, bertsolaritza ez ezik, bestelako ahozko kultur sorkuntzak ere hartu ditugu aintzat deialdian. Hori gutxi ez, eta udazkenean gradu amaierako lanentzako GRAL saria banatu dugu lehen aldiz bi erakundeok elkarlanean.

Honelako deialdiei eta zenbait ikertzaileren ekimenari esker, gero eta gehiago dira ahozko kultur sorkuntzari eta, bereziki, bertsolaritzarei buruz gauzatzen ari diren ikerketak. Ondorioz, ikertzaileak beraien artean ezagutzeko eta harremanak saretzeko Amasa-Villabonako Subijana etxean elkartu ditugu ikertzaileok; tartean, doktore tesiak gauzatzen ari diren ikertzaileak. Horietako bat ere aurkeztu da epaimahaiaren aurrean urtearen hondarrean eta urte berriarekin ezagutuko dugu xehetasunez.

Ikerketak ezagutzeko hainbat plaza

Ikerketak egiteko eta zabaltzeko baliabideak eta plazak ere jarri ditugu eskura. Esate baterako, bertsogintzaren inguruan gogoetatzeko Bertsolamintza egitasmoa antolatu dugu, Euskal Herri osoan saioak eginez udaberrian, eta eguzkiak indarra hartu ahala, uda bete-betean, UPV/EHUko Uda Ikastaroetan hartu dugu parte euskarazko kulturaren transmisioari eta kontsumoari buruzko jardunaldietan. Udazkenean, aldiz, Mintzolaren egoitzan sei ikertzaileren lanak zertan diren ezagutu dugu hitzaldi sorta baten bitartez. Oso interesgarriak izan dira plazok. Gainera, ikertzaileen behatze lana errazteko Bapatean 2018 bertsoen bilduma atera dugu, eta Renoko Euskal Ikasketen Zentroak kaleratutako Female Improvisational Poets eta UPV/EHUk ateratako Kultura ez da bat-batekoa liburuen mamian hartu dugu parte.

Hemendik kanpora bertsolaritzaren berri emateko ahalegina ere egin dugu: Frisiar ekoizle talde batek egindako Hizkuntza gutxitu baten arrakasta dokumentalean laguntza eskaini dugu. Musas e Terras nazioarteko kantu inprobisatuen Sardiniako topaketan ere hartu dugu parte, bertso emanaldia eta hitzaldia eskainita; eta, gurean izan diren Euskal Herriko zein Irlandako gazte zenbaiti bertsolaritzaren ingurukoak azaldu dizkiegu. Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak eragindako Quebec-Euskadi topaketan hartu dugu parte, hango kultur eragileekin harremana egiteko.

Ahozko kultur sorkuntzak harremanetan jartzen

Ahostegunak egitasmoa jarri dugu abian aurten UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean eta EHUKulturaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Proiektua osatu duten bost saioetan gazteek antzerkiarekin, bertsolaritzarekin, kantuarekin eta kontalaritzarekin/literaturarekin gozatu ahal izan dute ostegunero, horretarako aditu batekin solasaldia izanda. Egitasmo honen aitzindaria den Ahots Baten sormen egonaldia ere egin dugu; abenduaren 26an hasi da bosgarren urtez jarraian eta gaur amaituko da. Ikastolen Elkartearekin osatu dugu.

Ahozkotik harago, kultur diziplina zenbaiten dokumentazio egitasmoak ezagutzeko eta hauen garrantzia mahairatzeko asmotan, Durangoko Azokan solasaldia antolatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak: Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko, Bertsozale Elkarteko, Dantzan.eus eta Dantzaguneko, Topic txotxongilolaritza zentroko eta Euskadiko Filmategiko ordezkariak elkartu ditugu. Bestalde, aldi berean hainbat iragazki uztartzen dituzten bilatzaile bakarren inguruko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak gauzatu ditugu udaberrian, zehazki BDBko bilatzaile digitala berritu dugun urtean.

Urte emankorra izan dadila 2020a ere!