Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Urriaren 9tik 14ra, Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira

Iruñean, Erandion, Hernanin, Gasteizen, Baionan eta Donostian izango dira emanaldiak: Kubako Tomasita Quiala repentistak, Araceli Argüello Argentinako payadoreak eta Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariek hartuko dute parte biran.

Gaur goizean aurkeztu da Iruñeko Kondestablearen Jauregian Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira. Izenak berak ongi adierazten duen moduan, bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatuko ditu proiektuak. Urriaren 9tik 14ra gauzatuko den bira izango da, Iruñean hasita, egunero emanaldi bat eskainiz: Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostia izango ditu jomuga.

Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntza alorreko zinegotzi ordezkariak eta Julio Soto bertsolari eta birako parte-hartzaileak eman dituzte xehetasunak prentsaurrekoan. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuek garatu dugu proiektua: "Mintzolak bertsolaritza mundura zabaltzeko eta beste nazioarteko kantu inprobisatuak ezagutarazteko lanean dihardu eta Lankuk proposamen berriak taularatzeko apustuak eginez; eta, sinergia horiek batuta gauzatuko da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira", azaldu du Sotok. Horretarako tokian tokiko erakunde antolatzaileekin aritu dira agenda osatzen: tartean Iruñeko Udala, bertan hasiko baita nazioarteko bira.

2018-09-17 Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira_prentsaurrekoa

Iruñeko Udalaren moduan parte hartu dute egitasmoan Erandioko, Hernaniko eta Gasteizko udalek, Euskal Kultur Erakundeak, Haizebegi Festibalak, Donostia Festak eta Donostia Kultura Erakundeak. Era berean, Donostia 2016k proiektua babestu du, Kultur Hiriburutzaren urtean gauzatutako nazioarteko topaketaren antzerakoei jarraipena emateko.

Punto cubanoa eta payada, bertsolaritzarekin batera

Oraingoan Kubako Tomasita Quiala repentista eta Araceli Argüello payadore argentinarra izango ditugu gurean: “Tomasita Quiala Kubako punto cubanoaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da eta jada egona da Iruñean, 1998an Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertsoaroan hartu baitzuen parte. Gazteagoa izanagatik ibilbide esanguratsua du Araceli Argüellok ere, 23 urte baititu eta duela 10 urte pasatxo hasi baitzen payadan”, jakinarazi du Belokik. Beraiekin txandakatuz hartuko dute parte Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariek, eta Iker Iriartek eta Maite Berriozabalek gidatuko dituzte saioak.

Saio bakoitzeko informazioa eta sarreren gainekoa www.mintzola.eus eta www.lanku.eus atarietan eta tokian tokiko antolatzaileen iturrietan.