Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Urriaren 2an ezagutuko dugu Aiztondoren zirtotsa

Pello Mari Otaño bekarekin saritutako proiektuaren ingurukoak azalduko dituzte Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunekoek. Kilometroak ekimenaren eskutik, bertso saioa izango da gero: sarrerak eskuragai daude dagoeneko. Zizurkilgo Herrigunean izango da hitzordua.

Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) ahozko ondarearen bilketa eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko antolatutako Pello Mari Otaño ikerketa bekaren proiektu sariduna aurkeztuko dugu urriaren 2an, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, 18:00etan.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Aiztondoko zirtotsari buruz osatutako proiektua ezagutuko dugu: Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa biltzen eta ikertzen ari dira, ondoren, haren aplikazioa egin, eta Aiztondoko ikastetxeetan lantzeko. Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi dira proiektuaren egileak.

"Aiztondon zirtoak ahozko genero gisa izan duen tradizioa biltzea eta bere baitan esanguratsua izango den bilduma egitea" du helburu proiektuak, eta "honela, orain arte sakabanatua eta itzalean agertu izan den genero honen balioa aldarrikatzen da, eta bere baitan ikergai esanguratsua izan daitekeela aitortu". Bilduma egite hutsarekin aski ez eta ahozko ohitura horren belaunaldiz belaunaldiko transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten proposamen bat ere onduko dute, hezkuntza arautuan zein bertso-eskoletan landu dadin.

Harituz taldeko kideekin batera egongo dira aurkezpenean beka deialdia antolatu eta lagundu dugun erakunde eta elkarteetako ordezkariak: Kilometroak Kultur Elkarteko Mikel Egibar eta Mintzola Ahozko Lantegiko Miren Artetxe; eta Zubimusu Ikastolako Nerea Zumeaga eta Hernandorena Kultur Elkarteko Joxin Azkue.

Bertso saioa ondoren
Behin ikerketa bekaren inguruko xehetasunak emanda, eta Kilometroek antolatu duten egitarau bereziaren barruan, bertso saioa egingo da Zizurkilgo Intxaur frontoian, 19:00etatik aurrera. Amets ArzallusAnjel Mari PeñagarikanoHaritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan. Amaia Agirre izango da saioaren gidaria eta gai jartzailea.

Bertso saiorako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude www.kilometroak.eus webgunean, Zizurkilgo Iriarte Etxean eta Villabonako Amasa kafetegian. Sarreren prezioa 10 eurokoa izango da.

Egungo osasun larrialdi egoeraren ondorioz, eta saioan parte hartuko dutenen zein saioa ikustera joango direnen segurtasuna bermatzeko, sarrerak online eskuratzerakoan derrigorrezkoa izango da galdetegi bat betetzea. Sarrerak online erosten dituztenek e-mail bat jasoko dute erreserbarekin, eta e-mail hori erakutsi beharko dute frontoira sartu aurretik.

Sarrerak Iriarten zein Amasan erosten dituztenek beraien izen-abizenak eta telefonoa idatzi beharko dituzte sarreran bertan horretarako zehaztutako gunean.