Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Urriaren 1ean ezagutuko dugu "Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian" proiektua

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak aurten esleitutako bekarekin garatuko dute ikerketa Eresti Oiarbidek, Maialen Akizuk eta haiekin ariko diren beste zenbait partaidek.

"Gureganaino iritsi diren errelatoetan, herritarrek bertsoaren presentzia berezi hori modu naturalean bizi izan dutela - edo dugula - ikusten da argi" azaldu dute Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian aurkeztutako proiektuan. Proposamenak Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean eskainitako bigarren beka eskuratu du, aurtengo deialdikoa, eta urriaren 1ean ezagutuko ditugu xehetasunak Ordizian egingo den ekitaldian: Barrena Jauregian izango da hitzordua, 17:30ean.

"Gabirian bertsoarekiko afizioak izan duen lekua belaunaldiz belaunaldi transmititu da, beste oso leku gutxitan bezala". Horregatik, "Gabirian bertsoak izan duen eta duen leku kurioso bezain adierazkorra" aztertu nahi dute egileek; bai Gabiriako bertako bertsolaritza, eta baita Gabirian bertsolaritzak eta bertsolaritzaren barruan Gabiriak izan duen pisua ere.

Herritarren arteko harremantzea indartzeko eta euren parte-hartze aktiboa sustatzeko ere baliatu nahi da Gabiriako bertsogintzaren eta bertsozaletasunaren azterketarako lan hau. Izan ere, belaunaldi ezberdinetako gabiriarrak taldean ariko dira Akizurekin eta Oiarbiderekin elkarrizketa lanetan, datu-basearen azterketan eta informazioaren irakurketan.

Bestalde, ikerketa garatzeko, bertsolaritza eta Gabiria lotzen dituen anekdota, bertso, argazki eta antzerakoak jaso nahi dituzte. Horretarako, posta elektroniko bat ere jarri dute eskuragai: gabiribertso@gmail.com helbidea.

Xehetasun gehiago ezagutu nahi? Urriaren 1ean, 17:30ean, Ordiziako Barrena Jauregian elkartuko gara. Ondoren, kultur emanaldia ere izango da herri antzokian, 19:00etan hasita, Kilometroen eskutik. Emanaldi horretarako sarrerak www.kilometroak.eus atarian izango dira eskuragai ostiral honetatik aurrera, eguerdian hasita.

"Hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa"

"Bertsolariez gain, kontuan hartuko dira bertsoaren eta bertsolarien inguruko eta belaunaldi desberdinetako eragileak: bertsozaleak, gai-jartzaileak, antolatzaileak… Datu-basearen azterketa egitea guztiz interesgarria izango da, eta, modu horretan, herriko bertsolaritzaren historia txukun jasoa geratuko da", azpimarratu zuen epaimahaiaren ebazpenetik Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak pasa den uztailean, sariduna iragarri zenean. Garapen maila eta bideragarritasuna ere azpimarratu ziren, eta baita "ikerketa gauzatutakoan hurrengo belaunaldientzako edukiko duen balioa".

Ikertzaileek 3.000 euroko saria jasoko dute lana urtebetean gauzatzeko; zehazki, 2022ko uztailaren 15erako bukatu beharko dute ikerketa.

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitu zuten beka hau bigarrenez, oraingoan, Goierriko Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolen eta Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin.