Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/11/28

UNIbertsoan egitasmoaren baitan, bihar "Espuela nahi?"

Bertsolaritza eta haren ikerketa unibertsitatean egonkortzeko asmoz jaio zen UNIbertsoan. Oraingoan bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia eskainiko da.

UPV/EHUko Donostiako campusean, UNIbertsoan egitasmoaren baitako saioa izango da bihar. Oraingoan, bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia izango da gozagai, Espuela nahi?. Hitzordua 13:00etan izango da, Ignacio Maria Barriola eraikineko kafetegian zehazki, Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Andion Iturbide eta Eñaut Gantxegiren eskutik.

Lanku Kultur Zerbitzuen emanaldi sortakoa da ikuskizuna. Antzerkia, bertsoa eta musika uztartzen dituen saio interaktiboa da Espuela nahi?. Testuinguru umoretsua sortzea du helburu: giro informaletarako aproposa.  

Bertsolaritzaren inguruko ikerketaz gehiago ezagutzeko abagunea eskaintzen du UNI-bertsoan egitasmoak, EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzak antolatuta eta Mintzola Ahozko Lantegiak lagunduta.