Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2016/11/25

UNIbertsoan, abenduaren 1ean

Beñat Krolemen hitzaldia eta "Bertso marraztuak" emanaldia izango dira datorren ostegunean UPV/EHUko Donostiako egoitzan.

Ikerkuntza eta bertsolaritza uztartzen dituen egitasmoa da UNIbertsoan. UPV/EHUko Gipuzkoako Errektoreordetzarekin elkarlanean gauzatu du Mintzola Ahozko Lantegiak, eta hirugarren saioa izango du abenduaren 1ekoa.

Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen Ignacio Maria Barriola Zentroan izango da, 12:00etatik aurrera. Lehendabizi Beñat Krolemek hitzaldia emango du bertsolaritza eta irudiaren arteko harremanari buruz; hain zuzen, Krolemek Mintzolaren eta Mikel Laboa Katedraren ikerketa proiektu saria jaso zuen iaz. Gero, emanaldia izango da Lankuren eskutik: Bertso marraztuak. Amets Arzallus eta Alaia Martin ariko dira bertsotan eta Unai Gaztelumendi marrazten.

Iazko abenduan egin zen UNIbertsoan egitasmoaren lehen saioa: Mintzolaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Karlos Aizpuruak eta Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Bigarrena Europa bat-bateaneko saio batekin uztartu zen eta katalanak, sardiniarrak eta kurdua aritu ziren bertsolariekin batera.

Emanaldia publiko guztiari irekia da eta doakoa.