Trovoaren nazioarteko kongresuan izango da bertsolaritza
II Congreso Internacional del Trovo antolatu dute Cartagenako Udalak eta Jose María Marín trovo elkarteak. Argentina, Colombia, Cuba eta beste hainbat herrialdeetako ekarpenak jaso dituzte jardunaldietan parte hartzeko, eta aukeratuen artean daude bertsolaritzari lotutako bi hitzaldi.
Jon Martin bertsolari eta ikertzaileak eskainiko ditu: bertsolaritzaren eta raparen arteko erkaketa egingo du hitzaldi batean, eta Bertsozale Elkartearen antolaketari eta funtzionamenduari buruz ariko da bigarrenean. Oro har, kantu inprobisatuaren panorama soziokulturala aztertuko dute hizlariek, baita haren historia, hedabideetako presentzia, didaktika eta etorkizuna.
Azaroaren 5etik 7ra Cartagenan bertan egitea zen asmoa, baina pandemia egoerak behartuta, online modura egokitu dituzte jardunaldiak. Azaroaren 5etik 15era hizlariek osatutako hitzaldien ikus-entzunezkoak jaso ahal izango dituzte izena emandakoek. Horretarako, beren webgunean egokitutako izen-emate orria bete behar da: congresotrovocartagena.es .