Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Transgresioa eta inertziak, Bertsolamintzako lehen saioan

Hainbat lagun elkartu dira Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, Sustrai Colinak eta Amaia Agirrek eskainitako hitzaldiak entzutera eta solaserako plazan parte hartzera. Hurrengoa, Senperen.

Saioa Alkaizak egin dio harrera bertsozaleari, bertsogintzaren inguruan hitz egiteko plazara. Horixe baita Bertsolamintza; lehendabizi, hizlariek jarriko dute solaserako puntua, baina "bertsoa" osatzeko abagunea ere eskainiko zaio agertutako publikoari.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean izan da lehen saioa: 18:30ean da hitzordua, eta Sustrai Colina prest dago 2019ko Bertsolamintza abiatuko duen hitzaldiari ekiteko: Politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko talka. Talka horretan bizi da bertsolaria: "Inguruarekin zein bere buruarekin, zer-non-noiz-nola-nori-norekin kantatu negoziatzen dihardu uneoro, ahal duenaren eta nahi duenaren arteko betiereko gatazkan”. Abiapuntu horretatik garatu du bere ekarpena Colinak.

Bertso saio bateko egituran eta egituraketan jarri du begia Amaia Agirrek berean: "Ohiturek badute euren inertzia eta inertziek badute euren ohitura". Hala, badaude oharkabean pasatzen diren baldintzak, egoerak eta gaiak. "Inertziek erosotasuna eta babesa ematen digute batzuetan, baina inertziei ihes egiteko premia ere sentitzen dugu", azaldu du Agirrek.

Bi hizlariek mahaigaineratutako abiapuntu horretatik tiraka bideratu du Saioa Alkaizak bi hizlarien zein hara joandako zaleen artean sortutako solasaldia. 

Hurrengoa, Senperen

Bertsularien Lagunak elkartearen egoitza den Larraldea Etxean izango da Bertsolamintzaren hurrengo hitzordua, Senperen: maiatzaren 16an izango da hori, 18:30etik aurrera.

Amets Arzallus eta Miren Artetxe izango dira hizlari: Zeri kantatzen diogu eta zeri kantatu nahiko genioke? Zein da gaur egungo errealitatea? hitzaldia emango du Arzallusek, eta Hizkuntza ideologiak bertsolaritzan, Miren Artetxek. Saioa Xumai Muruak gidatuko du.

Gogoan izan, Bertsolamintza jardunaldietan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa dela www.mintzola.eus atarian; sarrera doakoa da. Han topatuko duzue egitarau osoa ere.