Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/11/19

Sormenaren harrobiak Gabonak ditu gogoko

Abenduaren 26tik 30era egingo da Ahots Baten sormen egonaldia, eta izena emateko epea zabalik da.

Gaur hasi eta abenduaren 2ra arte Ahots Baten sormen egonaldian izena emateko aukera izango dute antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura interesgune duten gazteek. 1998 eta 2002 urte bitartean jaiotakoei zuzendutako deialdia da eta urtean zehar aipatutako diziplinetan trebatzen direnentzat.

Abenduaren 26tik 30era egingo da egonaldia, aurreko urteetan izandako datei eutsiz; aurtengoan, ordea, Aubixako aterpetxean, Elgoibarren (Gipuzkoa), elkartuko dira gazte sortzaileak. Egun bakoitzean diziplina batekin esperimentatuko dugu: lehen egunean antzerkia landuko dugu; bigarrenean, kantua; hirugarren jardunaldian, literatura; eta azken egunean, bertsolaritza. Horiek lantzeko egun bakoitzean gaian aditu den norbait etorriko da Aubixara: besteak beste, Oier Guillan antzezlea, Danele Sarriugarte idazlea edota Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak.

Ekimen hau euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu zen. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen du, Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin, Bertsozale Elkartearekin eta ipuingintzari loturiko zenbait eragilerekin elkarlanean.

Jada hiru urtez egin da egonaldia eta emaitzarekin gustura geratu izan dira bai izena emandako gazteak, begiraleak zein parte hartu duten adituak; asko harrituta ere bai gazteen talentuarekin.

Sormenaren harrobia lantzera goaz Gabon hauetan ere. Webgune honetan bertan eman dezakezu izena ondorengo orri hau beteta, edota 943 693 870 zenbakira deituta.