Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Senperen izan da Bertsolamintza

Amets Arzallusek eta Miren Artetxek eskaini zituzten bigarren saioko hitzaldiak. Beste hiru saio falta zaizkio Bertsolamintzari, eta oraindik garaiz zabiltza horietan izena emateko.

Bertsularien Lagunak Elkartearen egoitza den Senpereko Larraldea etxean elkartu ziren Bertsolamintza zaleak atzo. Saioa 18:30ean hasi zen, eta Amets Arzallus eta Miren Artetxe izan ziren hizlari. Larraldeko gelan sortutako giro gertuko eta atseginak bertaratutakoak ere parte hartzera bultzatu zituen, amaieran, Xumai Muruak gidatutako solasaldian.

2019-05-16, Senpere. Xumai Murua, Amets Arzallus eta Miren Artetxe.

Amets Arzallusek ireki zuen saioa Zeri kantatzen diogu eta zeri kantatu nahiko genioke? Zein da gaur egungo errealitatea? hitzaldiarekin. Arzallusek bertsogintzari zein funtzio esleitzen dizkion azaldu zuen, eta garai postmodernoan nabari diren joeren erradiografia osatu zuen, adibide zehatzak ekarrita. Bere horretan, gaurkotasun deritzogunari buruzko bere definizioa ere mahaigaineratu zuen bertsolari hendaiarrak.

Hizkuntza ideologiak bertsolaritzan izeneko hitzaldia eskaini zuen, berriz, Miren Artetxek; hain zuzen, gai horren inguruko ikerketa garatzen ari da Artetxe, eta euskal hiztunen legitimizazioan bertsolaritzak duen eraginaren inguruko lanarekin, Hausnartu Euskal Soziolinguistika Sarien bigarren saria eskuratu zuen iaz. Euskal hiztun gazteen erdia hiztun berria den honetan, eta bertso mundua, bestalde, euskaldun zahar deitu izan direnez osatutako mundua, zeintzuk dira bertso-munduan hiztun berriei buruz garatzen diren diskurtsoak? nola eragin lezake bertso munduan sozializatzeak hiztun berrien legitimazio prozesuetan? eta zergatik dira galdera hauek interesgarri bertsolaritzaren gizarte mugimenduarentzat? galdera horien guztien erantzuna argitzen aritu zen Artetxe.

Laster entzungo ditugu ideia horiek hizlarien beraien ahotik, Bertsoa.eus atarian.

2019-05-16, Senpere. Miren Artetxe

Datorren astean, bi saio

Bertsogintzari buruz solasean aritzeko plazak bi hitzordu izango ditu datorren astean. Maiatzaren 22an, Bilboko Bira Kultur Gunean Bertsolari gazteek zer berri? izenburupean mahai-ingurua gidatuko du Ane Zuazubiskarrek, eta Joanes Illarregik, Jokin Bergarak eta Maider Arregik hartuko dute parte. Maiatzaren 23an, berriz, Gasteizko Amaia Zentroan izango da saioa: ohiko formatura itzulita, bi hitzaldi eta solasaldia izango dira, azken hau Ainhoa Aizpuruak gidatuta; hitzaldiei dagokionez, Feminismoa eta bertsogintza, gai-jartzailearen talaiatik eskainiko du Maite Berriozabalek eta Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa? Xabier Aierdik. Bilboko zein Gasteizko hitzorduak 18:30ean izango dira. Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da atari honetan bertan topatuko duzun orria beteta; hitzordu bakoitzaren eguneko 12:00ak arte izango duzu izena emateko aukera.

Bestalde, gogoratu, saio guztietako laburpenak bilduko dituen saioa egingo dela ekainaren 1ean Amasa-Villabonan, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan. Maiatzaren 31era arte eman daiteke izena ordurako -goizean baita saioa-, baina ondotik izango den bazkarian izena eman nahi duenak datorren maiatzaren 24a baino lehen egin beharko du.

Egitarau osoa eta izen-emateak, hemen.