Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/01/16

SegaPoto: bertsotan aritzeko mugikorretako aplikazioa

SegaPoto aplikazioa dela medio, Gipuzko App saria irabazi zuten pasatako abenduan Ion Lizarazuk eta Manex Agirrezabalek. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen sarietako bat da irabazi berri dutena: amateur kategoriako saria, zehatz esateko, “gizarte edo herritar izaera duen APP onenari saria" izenekoa. Mugikorraren bidez bertsoak idazteko aukera ematen du SegaPoto aplikazioak.

SegaPoto ez da hutsetik abiatutako aplikazioa. Arbel digitala Manex Agirrezabalek Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin elkarlanean landutako programa da, www.bertso-eskolak.com atarian dagoena. Arbel digital horretan oinarritu dira SegaPoto aplikazioa sortzeko.

SegaPoto aplikazioari esker, edonon gaudela bertsoak idazten ahalko ditugu. Horretarako Segapotok eskura jarriko dizkigu hainbat tresna:

     -Sinonimo bilatzailea

     -Oin bilatzailea

     -Silaba eta oin zuzentzailea

     -Bertso doinutegi bat

SegaPoto-arekin bertsoa idatz ahal izateko ez dugu sareko konexiorik beharko. Eta bertsoa idatzi ahala, silaba kopurua egiaztatuko du SegaPotok. Puntu bakoitzeko silaba kopurua zuzena denean, eskuineko irudia aldatu egingo zaigu, horrela adieraziko zaigu zuzena dela.

Gainera, neurria aukeratu ondotik neurri horretako zenbait doinu entzun ahalko ditugu.

Bi modutara izan gaitezke SegaPotoren erabiltzaile: erregistratu gabeko erabiltzailea eta erregistratua. Erregistratu gabeko erabiltzaileak bertsoa zuzendu, oinak bilatu eta sinonimoak xerkatzeko aukera izango du. Erregistratutako erabiltzaileak, berriz, erregistratu gabeak dituen aukeraz gain, bertsoa gorde eta aurrez gordetako bertsoak ikusten ahalko ditu.

Aplikazioa instalatzeko Google Play-n SegaPoto bilatu eta instalatzeko botoia sakatu beharko dugu, ohi bezala.

https://play.google.com/store/apps/details?id=info.segapotoapp.SegaPoto

Informazio gehiago: