Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/04/25

Bertsolaritzari buruzko hitzaldiak eta bertso saioak Sardinian

Bertsozale Elkarteak 2003an antolatu zuen nazioarteko kantu inprobisatuaren lehen topaketa. Orduan ezagutu genituen Sardiniako inprobisatzaileak euskaldunok. Geroztik atxiki dugu harremana Bertsozale Elkartearen bidez lehenik, Mintzolaren bidez ondoren. Azkeneko aldia Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren karietara izan zen; finalera gonbidatu eta plazer handiz etorri ziren Paulu Zedda eta Aldo Cappai “cantadoriak”. Mintzolak gonbidatutako gainontzeko atzerriko hainbat inprobisatzaile eta ikertzaileren gisan, zur eta lur geratu ziren ikusi eta entzundakoarekin. Halaxe adierazi ziguten idatzitako emailetan, eta halaxe azalduko zuen Paulu Zeddak berak Sardinian salduena den egunkarian idatzi orri osoko artikuluan.

Dena esatera, haiek luzatu ziguten Sardiniarako gonbidapena BECeko hitzordu handia baino lehenago. Baina hegazkin konpainien grebaren karietara, Loiuko aireportuan geratu ziren Jon Sarasua eta Arrate Illaro, orduko hartan joatekoak zirenak. Sardiniako lagunek ez dute etsi ordea, eta berriz ere egin berri digute gonbidapena. Andoni Egaña eta Arrate Illaro bertsolariak eta Karlos Aizpurua Mintzolako ikerkuntza eragilea abiatuko dira Mediterraneoko irlara. Mintzolaren eta Bertsozale Elkartearen ibilbideak eta egitasmoak nahi dituzte ezagutu eta partekatu sardiniarrek, halaber bertsogintzaren berri zuzenagoa izan. Izango dute horretarako hitz aspertu bat baino gehiago egiteko aukera, formal zein informal. Formaletan sartzen dira Andoni Egañak eta Mintzolako ikerkuntza eragileak emango dituzten bi hitzaldiak. Lehendabizikoa bertsolaritzak hizkuntz komunitatean duen eraginaz ariko da; eta bigarrena Mintzolaren eta Bertsozale Elkartearen egitasmoez ariko da. Hitzaldiak ez ezik bertsotan ariko dira Arrate Illaro eta Andoni Egaña Sardiniako “cantadoriekin”, hots, kantua inprobisatzen duten Sardiniarrekin. Karlos Aizpuruak jarriko dizkie gaiak eta aldi bereko itzulpenak ere berak egingo ditu.

Hauxe da bi egunotako egitaraua:

  • Maiatzak 2, 18:00etan, Cagliari (Sardinia, Italia), Search aretoan: La forza del poeti . Incontro con gli improvisatori baschi. Hitzaldiak eta mahai ingurua. Parte hartuko dute: Paolo PIllonca (idazlea), Paolo Zedda (cantadori), Claudia Firino (erregioko kultura sailburua), Enrica Puggioni (eskualdeko kultura sailburua), Barbara Argiolas (eskualdeko ekonomia sailburua), Andoni Egaña (Mintzolako ordezkaria) eta Karlos Aizpurua (Mintzolako ikerkuntza eragilea).
  • Maiatzak 3, 20:00etan, Cagliari (Sardinia, Italia) Teatro La Vetreria: Sant’Efisen omenezko bertso saioa. Inprobisatzaileak: Marco Melis, Roberto Zuncheddu, Giuseppe Porcu, Nicola Farina, Arrate Illaro eta Andoni Egaña. Gai-jartzaile: Karlos Aizpurua.

Antolatzaileak: Sardiniako erkidego autonomoa, Bentu Estu kultur elkartea, Sardinia kultur fundazioa eta Cagliariko udala.

Ohi bezala, hitzaldiak eta bertso saioak grabatuko dira eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan gorde, sailkatu eta jarriko dira eskuragarri.