Samien bisita izan dugu Mintzolan
30 bat sami hurbildu ziren pasa den ostiralean Amasa-Villabonako Subijana etxera. Herri laponiarrak edo samiak Norvegiako, Suediako eta Finlandiako iparraldeko eta Errusiako ipar-ekialdeko eremuan du jatorri, eta izaera, kultura eta hizkuntza propioa dituzte.
Euren herriko jantziekin etorri ziren asko, eta ingurukoen arreta bereganatu zuten. Non-Fiction Sami Writers elkarteko kideak izan ziren etorri zirenak: idazle, ikertzaile eta samien gai berezituetan adituak diren unibertsitateetako irakasleek osatzen zuten taldea; tartean baziren hango kantu inprobisatua, joik delakoa, zerabiltenak ere eta erakustaldia ere egin ziguten. Aurrez, Mintzolaren egoitzan egiten den jarduna ere ezagutu zuten.
2012an ere izan ziren Euskal Herrian eta hainbat kultur eragilerekin izan ziren; oraingoan, Mintzola ezagutzeko tartea hartu dute.