Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Salgai dira Donostiako saiorako sarrerak

Sei emanaldi izango ditu Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak. Iruñean hasi eta Donostian amaituko du ibilbidea, eta tartean Erandion, Hernanin, Gasteizen eta Baionan egingo du geldialdia.

Donostia Kulturako webgunean eros daitezke jada urriaren 14an Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak eskainiko duen emanaldirako sarrerak. Antzoki Zaharrean izango da ikuskizuna, 19:00etatik aurrera, eta han hartuko dute parte Argentinako Araceli Argüello payadoreak eta Kubako Tomasita Quiala repentistak, Amets Arzallus, Jone Uria eta Julio Soto bertsolariak lagun. Iker Iriartek gidatuko du saioa, eta inprobisatzaileak elkar uler daitezen itzulpen zerbitzua eskainiko diete Irati Majuelok eta Maddalen Arzallusek. 12 eurotan lor daitezke txartelak.

Lau inprobisatzaile ariko dira gainerako saioetan: payadorea, repentista eta bi bertsolari. Iruñean hasiko da bira urriaren 9an eta egun horretako emanaldia doakoa izango da; baita Erandioko saioa urriaren 10ean eta 12koa Gasteizen. Azken honetan, dena den, gonbidapena eskuratu behar da aurrez Iparralde gizarte-etxean edota Beñat Etxepare antzokian. Urriaren 11n Hernanira iritsiko da bira: Biteri kultur etxean eskuratu ahal izango dira sarrerak, aurrez, 7,50 euroren truke. Eta Baionan ere izango da hitzordua: Haizebegi jaialdiaren baitan, urriaren 13an izango da. Sarrerak salgai daude jada Haizebegiren webgunean 15 euroren truke eta baita leihatilan ere.