Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Regueibertso jaiaren hirugarren edizioa, martxan

Maiatzaren 1etik 4ra egitasmoan parte hartzen duten euskal ikasleak Galizian izan ziren eta gaurtik hasi eta 19ra bitarte, galiziarrak izango dira hemen. Aurten Kataluniako glosak ere bat egin du regueifa eta bertsolaritza oinarri dituen ekimenarekin.

Igorreko Arratia BHI eta Galiziako Vila de Cruces herriko IES Marco do Camballón eta Zas udalerriko IES Maximino Romero de Lema ikastetxeek elkartrukea egiten ari dira hirugarren urtez Regueibertso ekimenaren baitan. Izenak ongi azaltzen duen moduan, Galiziako regueifa eta Euskal Herriko bertsolaritza ditu oinarrian proiektuak, eta haren bidez bizirik dagoen kantu inprobisatuaren kultura erakutsi nahi zaie ikasleei: bizipenak, ohiturak, sentimenduak, trebetasunak eta jolasak, kulturen arteko bizikidetza kontuan hartuta; eta, noski, hizkuntzaren erabilera sendotu asmoz.

Maiatzaren 1etik 4ra Arratia BHIko ikasleak izan ziren Galizian eta galiziarrak gaur bertan datoz Euskal Herrira, larunbatera arte. Hiru egunetarako egitarau oparoa antolatu da. Bihar, 18:00etan, ekitaldi nagusia egingo da Igorreko Lasarte aretoan: Arratiako BHIko ikasleek, Galiziakoek, regueifeiroek, bertsolariek eta beste hainbat kultur diziplinetako gonbidatuek hartuko dute parte. Ekitaldiaren ostean, talo jana eskainiko da kultur etxeko plazan.

Hurrengo egunean, ostiralean, Sitio distinto dokumentala eskainiko da toki berean, 19:00etan. Jarraian Davide Cabaleiro ikus-entzunezkoaren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango da.

2018 Regueibertso_kartela

Azkenik, larunbatean, Arratiako lehen regueifa txapelketa egingo da Areatzako plazan, 11:30ean hasita. Maite Berriozabal aurkezle dela eta Txerra Rodriguez itzultzaile lanetan, Baio, Burela eta Vila de Cruceseko regueifeiroek hartuko dute parte. Eguerdian, correbars edo poteoa egingo da glosadoreekin eta bertsolariekin. Gainera, arratsaldean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako saioaz gozatzeko aukera izango da Areatzan bertan.

Beste hainbat ekintza ere egingo dituzte Galiziako ikasleek beren egonaldian.

Aurten, glosak ere bat

Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua lemapean, kantu inprobisatuarekin batera, horien lehengaia den galegoa eta euskara indartzeko balio du ekimenak; aurten, gainera, lehenengoz, katalanez egiten den glosa ere batu zaie. Proiektua ezagututa eta hurrengo edizioetan egitasmoa Kataluniara zabaldu asmoz, Cor de Carxofa elkarteko kide eta irakasle batzuk ere hartu dute parte, egitasmoa indartuz.

Bertsolaritza gurean errotuta dagoen eta nortasun handia duen kultur adierazpena da, besteak beste, bertsolaritzaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioan egiten den lanari esker. Hala, proiektuan dabiltzan gazte arratiarrek ere ikasturtean zehar bertsolaritza landu ohi dute. Regueifaren egoera, ordea, bestelakoa da. Baserri eta landa eremukoa izatetik, taberna girora pasa zen, denboraren poderioz ia desagertu arte. Dena den, azken urteetan, ahalegina egiten ari dira hezkuntza arloan regueibertsoaren moduko ekimenak txertatuz. Galiziako ikastetxeetako antolatzaileen esanetan, "gaur egungo gazteek gure kultur ondarea ezagutu, eta kultura galegoan murgiltzeko bidea izan daiteke kantu inprobisatuaren mundua".