Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/05/03

Regueibertso jaialdia egin dute Arratian

Regueifa eta bertsolaritza uztartzen dituen ekimena berrartu dute Arratiako eta Galiziako ikastetxeek.

Inprobisazioa oinarri hartuta, hau da, bertsoa eta regueifa oinarri hartuta, Arratia BHI eta Galiziako Vila de Cruces herriko I.E.S. Marco do Camballón eta Zas udalerriko IES Maximino Romero de Lema ikastetxeko ikasleen arteko elkartrukea egin da aurten ere. Izan ere, bigarren urtea du Regueibertso jaialdiak, oraingoan, Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua lemapean.

Pasa den ostegunean, apirilaren 27an, 50 gazte galiziar etorri ziren Euskal Herrira eta hemen izan ditugu maiatzaren 1era arte. Gero, maiatzaren 11tik 14ra joango dira Euskal Herrikoak Galiziara; 52 lagun.

Asteburuko egunkaria

Asteburu betea izan dute galiziarrek. Ostegunean iritsi ziren eta Areatzan udalak atondutako lekuan pasa zuten gaua. Hurrengo egunean egin zitzaien harrera Arratia BHIn. Illart Gumuzio Arratiako Bertso Eskolako kideak gidatu zuen ekitaldia eta Senchu Sendek egin zituen galegora itzultzaile lanak. Igorreko alkatearen, institutuko zuzendariaren eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen hitzak, txalaparta, dantzariak, gaitak, poesia... izan ziren. Institutuan gazteek elkarrekin bazkaldu eta gero, arratsaldean Areatzara egin zuten buelta. Bertan, Angel Larrea historialariak eta irakasleak herriko zortzi punturik esanguratsuenak ardatz hartuta, Areatzaren historia aurkeztu zien bertaratutakoei. Oilar lehia egin zuten ondoren, batzuk galegoz eta besteak euskaraz Areatzako kaleetan; gaita, pandero eta akordeoi doinuek, eta bateko zein besteko dantzek girotu zituzten kaleak. Amaitzeko, afaria, eta afal ostean, Uckaia taldearen kontzertua eta Zirkinik bezen erromeria izan zuten gaztetxean.

Larunbatean Zeanuriko dantzari egunean parte hartu zuten gazteek. Bazkari herrikoiaren ondotik, bertako herriko taldeak Picassoren Guernica margolanarekin egin zuen performancea. Galegoz eta euskaraz ere irakurri ziren poesiak: bat-bateko taldeetakoek bonbardaketari buruzko bertso jarriak kantatu zituzten, eta galegoek regueifa batzuk. Frontoiko ekitaldia amaituta, plazan jarraitu zuen festak. Saio honetan, gazte asko animatu ziren regueifa doinuan euskaraz eta galegoz, Manolo Masedaren akordeoiak eta bertaratutakoen txaloek lagunduta.

Igandean, Ondarroako kofradi zaharrean, herriko bertsolaritza ikasleek galiziarrei ongietorria emateko egindako regueifak abestu zizkieten. Ibai Muñiz historialari ondarrutarrak gidatuta, herritik ibilbide gidatua egin zuten; tartean, Eneko Arrate eta Nerea Gartzia aktoreen esketx bi, eta regueifak eta bertsoak ere ez ziren falta izan. Bazkaria eta bazkal ostekoa Casa Galician osatu zuten; giro bikainean, regueifak, bertsoak eta kantu herrikoiak uztartu zituzten.

Arratiako Bertso Eskolak eta Arratia BHIk antolatu zuten asteburu osoa eta horretarako lagun izan dituzte Bizkaiko Bertsozale Elkartea; Areatzako, Igorreko eta Ondarroako Udalak; Areatzako Kultur eta Kirol Batzordea; Uckaia eta Zirkinik bez musika taldeak; Laminetxe gaztetxea; Ondarroako Casa Galicia; Angel Larrea eta Ibai Muñiz historialariak, Eneko Arrate eta Nerea Gartzia antzezleak eta beste hainbat eragile.