Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/12/01

Peñaranda de Bracamonten, Salamancan, bertsolariak eta troveroak

Leongo Fundación Cerezales Santonino y Ciniak eta Salamancako Fundación Germán Sanchez Ruiperez gonbidaturik izan berri dira Salamancan Jon Martin bertsolaria eta Karlos Aizpurua, Mintzola Fundazioko ikerkuntza eragilea.

Aipatu bi fundazioek ondare materialari buruzko proiektu baten baitan kokatu zuten ahozkotasunari buruzko saioa eta elkarrizketa jarduna. Garai bateko bizi moldea, etxeak, ohiturak eta abarrak argazkitan biltzeaz gain, argazki horiei ahotsak egokitu nahi izan zizkieten antolatzaileek, orduko protagonisten ahotsak ez ezik inprobisatzaileenak ere bai. Alpujarretako José López Sevilla eta José Sánchez Fernández troveroak eta Jon Martin bertsolaria aritu ziren kantuan 200 lagunen aurrean, publikoak in situ hautatu eta pantailak eskaintzen zien argazkia edota entzun zitekeen audioa gaitzat harturik.

Troveroak bakarrik aritu ziren lehenik, bertsolaria gero. Bakoitzak ordu erdiz jardun zuen. Eta azken ordu erdi pasan hiruak batera aritu ziren inprobisatzen pantailan ageri zen euskara – gaztelera aldibereko itzulpena lagun. Bukatutakoan, saiora hurbildu ziren asko entzuten jarraitzeko gogoz geratu ziren, saioak ordu eta erdi pasatxo iraun zuen arren.

Saioaren ondotik inprobisazioari buruzko elkarrizketa saioa eskaini zuten aipatu inprobisatzaileek, nola kantu inprobisatua ongi ezagutzen duten bi ordezkariek, Alberto del Campok eta Karlos Aizpuruak. Alberto del Campok Alpujarretako trovoari buruzko doktore tesia idatzia du eta Sevillako Unibertsitatean ari da lanean Antropologia sailean. Trovoa bizirik bada ere, desagertzeko zorian da, belaunaldi berriengan nekez iristen baita transmisioa. Bertsolaritza eta bertsoaren mugimenduari buruzko ezagutzarik ez zuten antolatzaile eta bertaratutakoek eta ahoa bete hortz geratu ziren horren guziaren berri ematerakoan. Liburu, KD eta DVD trukaketa egiteko ere baliatu genuen topaketa, eta horri esker Xenpelar Dokumentazio Zentroan dugu kontsultagarri Alberto berak oparitutako doktore tesia, Trovadores, de repente izenekoa.

 

Antolatzaileek oso balorazio ona egin zuten saioari eta elkarrizketei buruz eta geroan, larunbata goizean egin bileran adierazi zutenaren arabera, kantu inprobisatuari buruzko topaketa gehiago antolatzeko aukerak eta nahiak adierazi zituzten.