Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ostiralean amaituko da Pello Mari Otaño beka deialdira aurkezteko epea

Aiztondo bailarako ahozkotasuna ikertzeko aukera eskaintzen du deialdiak. Uztailaren 2an jakinaraziko da nork lortu duen 3.000 euroko saria, proiektua urtebetean garatzeko.

Ezohiko egoera betean amaitu zen Pello Mari Otaño ikerketa beka deialdira proposamenak aurkezteko epea, eta denbora gehiago eman asmoz, apirilaren 2tik ekainaren 19ra arte luzatu zen epe hori. Dagoeneko, hiru egun eskas falta dira luzapen hori bukatzeko.

Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa ditu helburu deialdiak. Hautatutako proiektuak 3.000 euro jasoko ditu, eta ikertzaileak urtebeteko epea izango du lana egiteko. Uztailaren 2an jakinaraziko da ebazpena.

Kilometroek eta Mintzolak jarri dute martxan deialdia, eta babesle ditu Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastola eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartea.

 

Deialdi gehiago ere bai
Bestalde, gogoan izan, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, ikerketa kontratu baterako eta bi proiektu saritarako deialdiak ditugula abian; ekainaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira ikerlan proposamenak.