Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/05/28

Ostiralean amaituko da matrikula merkeago egiteko aukera

Maiatzaren 31era arte prezio berezian gauza daiteke UPV/EHUko Uda Ikastaroetako izen-ematea; tartean, Mintzolak antolatutako eskolakoa. Bazatoz?

Zer kultura da euskaraz kontsumitzen duguna? Nola transmititzen da euskal kultura? Nolakoa da horren baitako bertsozalea? galdera horiek eta bidean sortzen diren gehiago erantzuten ahaleginduko gara aurten Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Uda Ikastaroetan antolatutako eskolan: Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak.

Abuztuaren 22an eta 23an izango da ikastaroa, Donostiako Miramar Jauregian. Euskal kulturaren kontsumotik eta transmisiotik abiatuta, bertsozaletasuna izango da hizpide lehen egunean; eta, bide hori eginda, bigarren egunean, bertsolaritzari inguruan egokitu zaizkion eraginak eta horietara nola moldatu den aztertuko dugu, izan rockari, 90eko bertsolari gazteei, emakumeen presentziari edota hiztun berriei dagokionez.

Harkaitz Zubiri, Iratxe Retolaza eta Josu Amezaga izango dira hizlari lehen egunean; eta Alberto Irazu, Jon Maia, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bigarrenean. Gainera, azken egunean, arratsaldez, komentatutako bertso saio feminista plazaratuko dute Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek, Maite Berriozabalek gaiak jarrita.

Hilabete honen bukaerara arte, alegia, ostiralera arte, matrikula merkeago egiteko aukera izango da. Eman izena hemen!

[DESKARGATU EGITARAUA HEMEN]