Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/10/08

Ostegunak, aurten ere, Ahostegunak

Izen-ematea urriaren 14an hasiko da, eguerdian. Olatz Salvador kantautorea, Erika Olaizola aktorea, Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolariak eta Oier Guillan idazlea izango dira parte hartzen.

Ostegunak bereziak izango dira aurten ere azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Iaz egin bezala, ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko Ahostegunak antolatu dugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren laguntzarekin batera.

Antzerkiaz, bertsoaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko saioek osatzen dute Ahostegunak. Ostegunetan egingo dira saioak, 16:00etatik 19:00etara, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian. Urriaren 29an izango da lehen saioa, eta elkarren segidako beste lau ostegunetan egingo dira, azaroaren 26ra arte. Aipatutako kultur sorkuntza bat landuko da egun bakoitzean: gazteek beraien artean harreman sarea ehuntzea da helburua, esperientziak eta iritziak partekatzea, eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte saio bakoitzean. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dugu.

Urriaren 14an hasiko da izen-ematea, 12:00etan, www.mintzola.eus atarian
 

 

Egitasmoa 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. UPV/EHUko Gipuzkoako campusean egingo da, eta unibertsitateko ikasleek eskurago izango dute, baina ateak irekita dituzte interesa duten adin horretako beste gazteek ere. 

Urriaren 14an hasiko da izen-ematea, 12:00etan, www.mintzola.eus atari honetan bertan egokituko den izen-emate orrian. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Bestalde, taldea osatzerakoan, izena emateko ordena aintzat hartuko da, eta, behin eginda, saio guztietara etortzeko konpromisoa eskatzen da; ostegunero talde bera izango da parte hartzen, eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da partaideak agertzea.

Aurtengo gonbidatuak

Olatz Salvador kantautoreak abiatuko du aurtengo Ahostegunak, urriko azken ostegunean. Salvador Skakeitan taldeko kide da 2010 urtetik, eta bakarkako musika ibilbideari ekin zion 2014an; bide horren emaitza da 2018an kaleratutako azken lana, Zintzilik. Erika Olaizola aktoreak hartuko dio txanda azaroaren 5ean; 2018an ateratako Oreina filman hartu zuen parte, eta baita iaz, urte amaieran, kaleratutako Kartzela webseriean ere. Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolarien txanda izango da jarraian, azaroaren 12an, eta handik astebetera gazteekin izango da Oier Guillan, poesiari eta antzerkiari loturiko hainbat proiektutan parte hartu duen sortzailea.

Azken egunean, azaroaren 26an, mahai-inguruan elkartuko dira parte-hartzaile guztiak.

Ostegunak ahostegun bihurtzera goaz...