Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/04/24

Ondare kulturalaren kudeaketa herrikoiaz, Asturiasen

Bertsozale Elkarteko eta Mintzolako antolaketa, ibilbidea eta egitasmoa azaldu ziren eta inprobisatzeko teknikaren gaineko tailerra ere eskaini zen.

V. Jornadas. Patrimonio cultural e innovación social. Modelos y herramientas para la gestión comunitaria del patrimonio cultural izeneko jardunaldiak gauzatu dira Madrilen eta Asturiasen asteburu honetan. Mintzolak ere hartu du parte, Asturiasko Villanueva de Santo Adriano herrian. Kultur ondarearen kudeaketa herrikoiaren inguruko saioak izan dira eta hainbat esperientzia bildu dituzte jardunaldietan; tartean, bertsolaritzarena. 

Karlos Aizpurua eta Aritz Zerain arduratu dira Mintzola Ahozko Lantegiaren izenean, hitzaldia eta tailerra eskaintzeaz. Bertsolaritza: una tradición moderna hitzaldia eskaini zuen Aizpuruak larunbat goizean, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Bertsozale Elkartearen antolaketa, ibilbidea eta egitasmoa azalduz. Arratsaldean, Zerainekin batera, ¿Qué es una bertso-eskola? tailerra eskaini zen: bertso-eskoletan zer lantzen den ikusarazi zen, inprobisazio teknikaren inguruan aritu ziren eta bertso-jolasen bidez, errima eta metrika landuz, han bildutako parte-hartzaileek ere aproba egin zuten kopletan librean aritzeraino, bablean zein gaztelaniaz.

Jardunaldiak La Ponte-Ecomuséu, Medialab Prado, Heritage and Social Innovation Observatory-University College London eta Fundación Valdés-Salasek antolatu dituzte.