Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/05/15

Ondare bizia izaten jarrai dezan, lanean

Mintzola Fundazioak OndareBizia jardunaldietan hartu du parte, bertsolaritzaren inguruan egiten duen lana azalduz

Goizeko 11:00etan abiatu du Karlos Aizpurua Mintzola Fundazioko kideak Bertsolaritza, ondare bizia hitzaldia. Bertsolaritza bizirik dirauen ondarea izaten jarrai dezan Bertsozale Elkarteak, Mintzola Fundazioak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak duten proiektua azaldu du Aizpuruak. Ikerkuntzaren adarrean, Mintzolaren aholkularitza laguntzarekin egun darabiltzan ikerketak azpimarratu ditu eta baita formazioaren bidean, unibertsitateekin garatutako harremanak eta egitasmoak ere. Bestalde, bertsoaren inguruan Xenpelar Dokumentazio Zentroak bilketan eta sailkapenean egiten duen lana ere azpimarratu du.

Mintzola Fundazioaren saioa baino lehen, Nerea Aizpurua ondare material gabearen adituak UNESCO eta ahozko transmisioa, erronkak eta estrategiak hitzaldirekin eman dio hasiera egunari. Berak moderatu du gerora eguerdian gauzatu den mahai ingurua. Arratsaldean, berriz, museoek egindako praktiken eta proiektuen partekatzea izango da.

UNESCOk 2003an ebatzitako Ondare Kultural Inmateriala Babesteko Hitzarmenak ondare  material gabearen inguruko hausnarketa piztu zuen, eta gaiaren inguruko ikerketa asko burutzen ari dira. Ondarea definitzeko, sailkatzeko, gordetzeko, kudeatzeko edota hedatzeko erronkak azaltzen dituzte lan hauek, eta horien inguruko hausnarketak azaleratu nahi dituzte OndareBizia saio hauek, ikerketa eta kultura arloan dabiltzan adituak bilduz.