Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nolakoa litzateke denon artean osatutako euskal kantutegia?

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien bosgarren edizioa gauzatu da gaur, Amasa-Villabonako Subijana etxean.

[IKUSI ARGAZKIAK]

Subijana etxeko aretoa bete dute 10:00etarako kantagintza langai edota interesgune duten hainbat aritu eta adituk. Euskal kantagintzaren ondarea Interneten izenburupean gauzatu dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak eta ondare horrek sarean duen presentziatik abiatuta, gogoeta egin da sarean dagoen eta egon litezkeen aukeren inguruan, kantutegien datu-baseei dagokionez.

2018-04-27, Amasa-Villabona. Itziar Irigoien

Lehenik, sei hizlarik banan-banan beren proiektu eta gogoetak plazaratu dituzte: Eusko Ikaskuntzako Amaia Cuende, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko Jon Bagues, Labayru Fundazioko Igone Etxebarria, Itziar Irigoien irakasle eta haur abesbatzako zuzendaria, Pantxix Bidart kantari eta irratsaio egilea, eta Maider Bedaxagar kantari eta liburuzaina aritu dira. Lehen hiru erakundeetako ordezkariek ondarearen bilketarako beren esperientziak azaldu dituzte eta hurrengo hiruek bereziki euskal kantagintzaren gizarteratzean jarri dute arreta, hezkuntzarako tresnen, gizarteko eragileen funtzioen eta kantagintzaren ikaskuntza prozesuaren inguruko zertzeladak emanez.

Ondotik, hizlariekin eta gonbidatutako kantagintzako aditu eta arituekin lan saioa egin da.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren eta aurtengoa bosgarren edizioa izan da. 2018ko jardunaldien antolatzaileak Mintzola Ahozko Lantegia, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa, Labayru Fundazioa eta Eusko Ikaskuntza dira; Badok, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedra eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE) laguntzaile dira.