Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, larunbat gauean, ETB1en

Urriaren 14an Donostian eskaini zuten emanaldia Araceli Argüello payadore argentinarrak, Tomasita Quiala Kubako repentistak eta Amets Arzallus, Jone Uria eta Julio Soto bertsolariek, Saroi Jauregiren gidaritzapean. Larunbat honetan, urriaren 27an, ETB1en eskainiko da emanaldiaren lagina 21:00etatik aurrera.

Astebetez sei emanaldi eskaini zituzten Araceli Argüello payadore argentinarrak eta Kubako Tomasita Quiala repentistak zenbait bertsolarirekin batera, Nazioarteko Inprobisatzaileen Biraren baitan. Besteak beste, Donostiako Antzoki Zaharrean ere egin zuen geldialdia birak eta emanaldi hori izango da ikusgai larunbat gauean, ETB1en.

Emanaldi horretan Amets Arzallus, Jone Uria eta Julio Soto bertsolariekin aritu ziren kantuan atzerritik etorritako bi sortzaileak, bakoitza bere neurri eta erritmotan arituz baina besteena ere probatuz. Saroi Jauregik eman zituen gaiak.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak antolatutako ekimena da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, lekuan lekuko erakundeekin batera. Ekimen honen helburua munduko beste kultura eta hizkuntzetako kantu inprobisatuak ezagutzen jarraitzea izan da eta elkarrengandik ikastea.

Kubako pie forzado edo oin behartua inprobisazio-ariketa ezaguna

Askotariko bertsoaldiak entzuteko aukera izango da larunbateko telebista-saioan, baina berezienetako bat izango da Tomasita Quialak Antzoki Zaharreko ikus-entzulegoaren parte-hartzearekin egingo duen pie forzado edo oin behartua deritzon inprobisazio- eta memoria-ariketa. Euskal Herrian bertsolariei puntuak jartzen zaizkie bertsoa osa dezaten. Punto cubanoko ariketa honetan, aldiz, publikoak jarritako zortzi silabako esaldiaren gainean osatuko du bertsoa inprobisatzaileak. Quiala bereziki umoretsua eta adar-jotzailea da, eta hori ikusteko aukera izango da larunbateko saio berezian.

Gaueko beste une ederrenetako bat izango da Julio Soto eta Araceli Argüello elkarrekin kantuan entzutea. Saroi Jauregik emandako gaiari abestu zioten biek, gitarraren erritmoan, payadaren doinuan.

Urriaren 27an, 21:00etatik aurrera, hitzordu liluragarria izango dugu ETB1en. Ez galdu.