Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/09/29

Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrak antolatutako hitzaldietan izango da Mintzola

Urriaren 4an, datorren asteazkenean, izango da Andoni Egaña eta Julio Soto bertsolariek eskainiko duten hitzaldi eta errezitaldia.

Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrak gaiari buruzko bigarren hitzaldi sorta bat antolatu du aurten, eta ziklo horretako bigarren ekimena izango da datorren asteazkenean, urriaren 4an, gauzatuko dena. Andoni Egaña eta Julio Soto bertsolariek bertsolaritzaren inguruko hitzaldi eta errezitaldia eskainiko dituzte Nafarroako museoko ekitaldi aretoan, 19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.

Hitzaldi sorta honetan, ikuspuntu etnografikotik, biziberritze prozesuan eredu diren esperientziak jaso nahi izan ditu Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrak. Maiatzean hasi zen zikloa, El Salvadorren galtzear den Náhuat hizkuntzaren inguruko hitzaldi batekin; bigarrena izango da bertsolaritzari buruzkoa Egañak eta Sotok eskainiko dutena; eta, handik astebetera azken bat egingo da jotaren inguruan.

2014ko urtarrilean eratu zen katedra hau UPNA/NUPen eskutik. Besteak beste, bere egitekoen arten, ondarearen azterketarako eta aplikazio didaktikoak sortzeko metodologia eta teknologia aproposak garatzea dago, transmisioa ziurta dadin, eta testuingu horretan antolatu dute hitzaldi sorta hau.

Ondare materiagabearen kongresua Iruñean

Urriaren 5ean eta 6an izango da Iruñean, Nafarroako museoan bertan, Ondare Kultural Materiagabearen I. Nazioarteko Kongresua aipatutako katedraren eskutik. Bi egunetan zehar gaian aditu diren hainbat ordezkariren azalpenak entzuteko eta hausnarketa egiteko parada izango da. Mintzola Ahozko Lantegiko ordezkariek han bertan jarraituko dute kongresua.