Musas e Terras, kantu inprobisatuen Sardiniako topaketan izango gara
Azaroaren 30etik abenduaren 18ra arte gauzatzen ari den egitasmoa da Musas e Terras. Sardiniako Oristano, Sinnai, Quartucciu eta Cagliari herrietan gorpuzten ari dira ekimenak, eta azken aste honetan bertsolaritza ere tartean izango da Mintzola Ahozko Lantegiaren eskutik.
Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolariak eta Ainhoa Aizpurua ikertzailea izango dira ordezkari. Igandean bertan emanaldia izango dute bertsolariek Solarussan, eta 19an, Cagliarin; aldiz, Ainhoa Aizpuruak hitzaldia eskainiko du beste ikertzaile zenbaitekin batera Cagliarin, abenduaren 17an. Bertsolariak Argentinako, Uruguayko, Korsikako eta, noski, Sardiniako kantu inprobisatuetako adituekin elkartuko dira topaketan. Aldibereko itzulpena eskainiko da, emanaldietan inprobisatzaileen arteko elkartrukea ahalbidetzeko.
Sardiniako Institutu Etnografikoak eta CAMPOS kultura elkarteak antolatu dute topaketa.