Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/10/16

"Mundu bat ahoz aho", gaur, ETB1en

Azken astelehenetan bertsolaritzari loturiko saioak daude ikusgai Euskal Telebistako lehen katean. Mintzolak garatutako dokumentalaren txanda da astelehen honetan, 22:30ean.

Mundu osoko ordezkarien ahotik ezagutuko dugu kantu inprobisatua Mundu bat ahoz aho dokumentalean. Gaur gauean eskainiko du ETB1ek Beñat Gaztelumendik zuzendutako ikus-entzunezkoa, 22:30ean.

Kantu inprobisatuak forma eta ahots ugari hartzen ditu munduko bazter bakoitzean, eta Mundu bat ahoz aho dokumentalak horiek ikus-entzunezko berean batzeko ariketa egin du. Mintzola Ahozko Lantegiak garatu eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzia, kantu inprobisatuak munduari begiratzeko talaia berezi bakoitzaren berri emango digu dokumentalak: besteak beste, kultura bakoitzak emakumearen presentziaz eta transmisioaz daukan ikuspegiaren berri izango dugu. Horretarako, zazpi herrialdetako sortzaileen ahotsetan barrena bidaiatuko dugu: Euskal Herriko Maialen Lujanbio, Karen Owen galestarra, Herrialde Katalanetatik Mireia Mena, Kubako Yunet López, Zinar Ala kurdua, Mexikoko Las Alondras hirukoa - Diana Laura Hernández, Dana Sofía Limón, Rebeca Limón - eta Sardiniako Simone Monni.

Gainera, Albert Casals, Ixiar Eizagirre, Begoña Guzmán eta Ruth Finneganen lekukotasunak ere jaso dira.

Gaur gauean, beraz, badugu plana.

Albistea eta bideoa ETB1en