Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/05/09

"Mundu bat ahoz aho" dokumentala, gure atarian ikusgai

Kantu inprobisatuak forma eta ahots ugari hartzen ditu munduko bazter bakoitzean. Horiek biltzen ditu dokumentalak.

Bertsolaritza bakana da munduan, baina ez bakarra. Euskal Herriak berea duen gisan, asko dira berezko kantu inprobisatua duten herriak. Horietako batzuk biltzen ditu Mundu bat ahoz aho dokumentalak. Ikus-entzunezkoa ikusgai jarri du oso-osorik Mintzolak.

Kultura bakoitzak errealitatea erreparatzeko begirada du eta baita kantuan egiteko modua ere. Hasi Euskal Herritik Mexikora, Sardiniatik Kurdistanera, inprobisatzaile bakoitzak bere izaera emango dio kantu inprobisatuari; eta kantu inprobisatuak munduari begiratzeko talaia berezi bakoitzaren berri emango digu. Kantua ardatz hartuta, kultura ofizialean agertzen ez diren ahotsetan barrena bidaiatuko dugu dokumental honetan, eta, bide batez, kultura bakoitzak emakumearen presentziaz eta transmisioaz daukan ikuspegiaren berri izango dugu, sortzaileen bizipen pertsonalen eta hausnarketen bidez.

Mintzola Ahozko Lantegiak garatutako eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzitako dokumentala, Beñat Gaztelumendik zuzendua da. 2016ko udazkenean eskaini zen lehen aldiz Durangoko Azokaren baitan eta gerora herriz herri eskaini dira emanaldiak. Ez duzula oraindik ikusi? hementxe aukera!