"Mugaminak", ostiralean Zinemaldian ikusgai
DSS2016EUren Europa Transit proiektuaren baitan gauzatu den dokumentaletako bat da Mugaminak eta ostiralean, Donostiako Zinemaldian aurkeztuko da; 16:30ean Principen izango da emanaldia. DSS2016EUk eta Mintzola Ahozko Lantegiak gauzatutako Europa bat-batean egitasmoaren baitan grabatu ziren irudietako asko, zenbait parte-hartzaileren bizipenak biltzen baititu.
Zipreren iparraldearen eta hegoaldearen arteko banaketa ekarri duen gatazkak eta harresiak herritarren artean eragin dituen bizipenak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Amets Arzallusek eramango gaitu irlaren alde batera eta bestera, lekukotasun hunkigarriak jasoz. Era berean, Ametsek Zipreko mugako gatazka Euskal Herrian duen bizimodura ekarriko du, eta bertan familiarekin eta bertsokideekin partekatu du hausnarketa.
Zipreko Pafosen olerkari eta inprobisatzaileen emanaldi batean parte hartuko du Ametsek eta ondoren, Euskal Herrira etorriko dira inprobisatzaile zipretarrak; hain zuzen ere, Europa bat-batean egitasmora.
- Sarrerak eskuratzeko informazioa, Donostiako Zinemaldiaren webgunean.
- Europa Transit eta dokumentalaren inguruan, DSS2016EUren webgunean.