Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/12/20

Mintzola Terraza, mundurako zubi

Ahozkotasuneko adituek zein munduko beste adierazpide batzuetako inprobisatzaileek bertatik bertara jarraitu dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, propio Mintzolak atondutako gunetik.

Gari Garaialde - XDZMintzola Ahozko Lantegiaren egitekoetako bat da bertsolaritza nazioartean zabaldu eta atzerriko kantu inprobisatzaileekin zein alor honetan lanean ari diren ikertzaileekin zubiak eraikitzea. Eginkizun horretan jarraitzeko primerako abagunea eskaini du Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta finalean ahozkotasunean aditu eta aritu diren hainbat ordezkari gonbidatu ditu Mintzola Ahozko Lantegiak. Izen bereko gunetik, Mintzola Terrazatik, jarraitu dute saioa; guztira, 92 lagun izan dira.

Saioa jarraitu ahal izateko, itzulpen zerbitzua eskaini zaie. Hainbat ikertzaile izan dira Mintzola Terrazan; besteak beste, John Zemke, Karin Barber, Josep Vicent Frechina eta Albert Casals. John Zemke Missouriko Unibertsitateko Center for Studies in Oral Traditioneko egungo zuzendaria da. 1986an sortu zen ikertegia John Foleyren eskutik eta ahozkotasunaren alorrean aitzindari eta erreferente nagusi da mundu mailan. Zemke bera Mintzolak Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren baitan antolatutako Europa bat-batean topaketan izan zen iaz gurean. Bestetik, Birmingham Unibertsitatetik etorri da Karin Barber antropologoa, herri kultura eta ahozko adierazpideak bere interesgune izanik.

Josep Vincent Frechina ere gurean izan da; Mediterraneoko herrietako musika eta kultura herrikoian espezializatutako ikertzailea da eta Caramella aldizkaria zuzentzen du. Radio Euskadiko Más que palabras saioko zein Deia egunkariko kazetariak aritu dira egunean bertan berarekin solasean: "Orain arte bertsolari txapelketen bideo ugari ikusi eta ikertu ditut, baina ez dauka zerikusirik zuzeneko zirrara honekin, noski" eta gaineratu du "hainbat kultura bildu gara txoko honetan, eta horrek ezinbestez zure begirada aberasten du". Albert Casals Música, Veu i Educació ikerketa taldeko kide da eta hark ere bertatik bertara jarraitu du finala. Hezkuntza eta antropologia formazioduna, Musikaren Didaktikan doktore da, inprobisatutako bertsodun kantuei eta Kataluniako testuinguruan haien hezkuntza erabilpenari buruzko tesi bat medio.

Gaizka Peñafiel

Ahozkotasuneko adituez gainera, inprobisatzaileak ere izan dira BECen: Kataluniako eta Mallorcako glosadoreak, Sardiniako cantadoriak edota Kurdistango dengbêjak bildu ditugu. Gainera, horien guztien izenean, munduko ahozko adierazpideei aitortza eginez eta haiekin Mintzolak duen harremanari keinu eginez, Mallorcako glosadorea den Maribel Serverak bi sari banatu ditu; bere esperientziaz aritu da gainera Info 7ko Kalegorrian saioan.

Frisiatik, dokumentala grabatzera

Mintzola Terrazan izan dira hainbat hedabide. Tartean, Frisiako lantalde bat etorri da dokumentala grabatzera. Euskal kulturarekin lotutako aste bat antolatuko dute ekainerako Frisian eta euskal kulturaren eta frisiar kulturaren arteko harremanak sakondu nahi dituzte hor. Jaialdi horren atarian, Omrop Fryslan telebista kateak bertsolaritzari buruz egindako dokumental hauxe estreinatuko du, eta Frisian ez ezik, Herbehereetako lurralde guztietan ikusi ahal izango da. Finalean bakarrik ez, eta beste hainbat elkarrizketa egin dituzte hemen egondako egunetan; besteak beste, Mintzolaren egoitza den Subijana etxean ere izan dira Saroi Jauregirekin. Berriako Urtzi Urkizu kazetaria egon da beraiekinBTN17_Saroi Jauregi frisiarrekin Subijanan

Beste zenbait hedabideetarako grabazioak ere egin ziren; besteak beste, Sardiniako Videolina telebista kateko albistegietan eman da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren berri.

Ikerketa soziologikoa

Mintzola Ahozko Lantegiak, UPV/EHUko aholkularitza teknikoarekin eta Mikel Laboa Katedraren babesarekin, txapelketari dagokion ikerketa soziologikoa gauzatu du 2017ko txapelketa honetan - aurrez hasia zegoen ikerketa plaza arruntetan egindako galdetegiekin -. 1994an eta 2006aren bueltan egin ziren eite bereko aurreko ikerketak; hamar urteko maiztasunez egin ohi da eta aurtengo txapelketan egokitu da hori. Azterketaren bidez txapelketan dabilen bertsozalea nolakoa den jakin nahi izan dugu, zer pentsatzen duen txapelketari buruz eta oro har bertsolaritzari buruz. Bertsozale Elkartearen bitartez borondatez aritzeko 34 inkestatzaileko taldea osatu zen eta horiek aritu dira txapelketetako saioetan txandaka lanean eta lantalde osoa finalean. Guztira, 800 bat galdetegi bete dira.

Gaizka Peñafiel