Mintzola, ikertzaile gazteen formaziorako lekua
Pasa den urtearen amaieran Amasa-Villabonako Subijana etxeko lantaldeari beste bi kide batu zitzaizkion: Ainhoa Ontsalo Sagastume eta Mireia Isturitz Moreno. UPV/EHUko Antropologia ikasleak dira beraiek, eta beren ikasketa prozesurako egin beharreko ikerketa lana gauzatu dute gurean.
Biak ere bertsolaritzari loturiko ikerketak egin dituzte. Azken urteotan, Mintzolaren baitan garatu izan dugun bertsolaritzaren ikertegia baliatu dute horretarako, eta, era berean, hari ekarpena egin diote bi ikasleek. Ontsalok Ez da kasualitatea bertso saioetako ikusleria aztertu du, eta Isturitzek bertso saioen antolatzaileengan pandemiak izan duen eragina. Biek Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasota dauden datuak eta liburutegiko zenbait erreferentzia erabili dituzte ikerketaren marko teorikoa osatzeko eta ikerketa abiatzeko. Beren ikerketa helburuetara doitutako galdetegiak eta elkarrizketa sakonagoak ere gauzatu dituzte.
Ez da unibertsitateko ikasleak gurean diren lehen aldia. Unibertsitate eta hezkuntza erakundeekin etengabeko harremana dugu, honelako aukerak sustatzeko eta etorkizuneko profesionalen formazioan gure ekarpena egiteko.