Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/05/29

Mintzola Fundazioak bi egitasmo aurkeztuko ditu datorren astean

Batetik, Ahoa Bete Hots jardunaldiak eta bestetik, bertsolaritza aztertzeko ikerketa kontratuaren eta ikerketa proiektu sarien berri emango da.

Indar betez amaituko du ikasturtea Mintzola Fundazioak. Izan ere, bi egitasmo aurkeztuko dituzte prentsaurrean datorren astean; ekainaren 3an, Mintzolaren egoitza den Amasa-Villabonako Subijana etxean izango dira proiektu horien aurkezpenak, 11:00etan hasita.

Lehenik eta behin, bertsolaritzaren inguruko ikerketa zientifikoa bultzatzeko egitasmoaren baitan, bi deialdiren berri emango da. Mintzola Fundazioak, Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, ikerketa proiektu sariak eskainiko ditu aurten ere, eta baita ikerketarako kontratu bat ere. Bi deialdien inguruko informazioa eskainiko dute Mintzola Fundazioko, Mikel Laboa Katedrako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta EHUko ordezkariek.

Ondotik, Ahoa Bete Hots jardunaldien ingurukoak azalduko dira. Seigarren aldiz antolatu da ahozkotasunarekin loturiko hitzaldi eta tailer sorta hau. Amasa-Villabonako Udaleko eta Mintzola Fundazioko ordezkariek azalduko dituzte jardunaldien nondik norakoak eta aukeratutako gaiaren inguruan osatu den egitaraua; parte-hartzaileetako baten eskutik zerbait berezia ere bai…

Ez galdu ekainaren 3an Mintzola Fundazioaren egoitzan eskainiko diren aurkezpenetako xehetasunik.