Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2016/09/01

Mexikon egin den kantu inprobisatuaren topaketan izan gara

"Jornada Iberoamericana de niños y jóvenes poetas troveros y versadores" topaketa izan da Mexikon abuztuaren 14tik 27ra. Mintzolari egin zaion gonbidapena onartuta, Nerea Ibarzabalek, Ane Labakak eta Irati Majuelok hartu dute parte.

Zortzigarren aldiz egin dute Jornada Iberoamericana de niños y jóvenes troveros y versadores topaketa Mexikon eta aurreko zenbait ediziotan egin bezala, aurtengoan ere parte hartu du Mintzolak. Nerea Ibarzabal eta Ane Labaka bertsolariek eta Irati Majuelo itzultzaileak osatu dute ordezkaritza. Euskal Herriko taldea askotariko jatorriko inprobisatzaileekin elkartu da topaketan: Argentina, Kolonbia, Kuba, Panama, Peru, Puerto Rico, Txile, Venezuela eta Mexiko bera. Guztira, 10 herrialdetako inprobisatzaileak bildu dira.

Abuztuaren 14an egin zuten lehen saioa Queretaron, eta handik Xichura eta Palomasera mugitu ziren, hango trovadore diren Guillermo Velazquezen eta Angel Gonzalezen herrietara. Carricillon, Rio Verden, El Refugion, Jalpanen, Agua Zarcan eta Ciudad Vallesen ere kantatu dute bertsolariek; azken hiri honetan aritu ziren abuztuaren 27an, topaketari amaiera emanez. Ordezkaritza bakoitzak berea egiteaz gain, elkarrekin abesteko aukera ere izan dute; Puerto Ricorekin, Argentinarekin eta Panamarekin elkarbanatu dute oholtza Ibarzabalek, Labakak eta Majuelok.

Emanaldiak eskaini bakarrik ez, eta tailerrak ere eman ditu hirukoteak; bi unibertsitatetan kontzertu didaktikoak ere bai, eta noski, hauetan guztietan, beste herrialdeetako ordezkaritzen eskutik ere jaso dituzte tailerrak.

Mintzolak abuztuko topaketa honetan hartu du parte, etxean Europa bat-batean egitasmoa gauzatu eta gero. Proiektu honen ingurukoak zein kulturartearen baitan Mintzolak egiten duena, mintzola.eus/kulturartea atarian.